Transfobioarekiko arbuioa zabaldu eta trans identitatea ezagutarazteko hainbat jarduera egingo dituzte Iruñeko Iturrama eta Mendilorri auzoetako kultur guneetan, tartean gaia jorratzen duten bi filmen emanaldia. Izan ere, ba al dakigu zer den trans izatea?

Apirilaren 29an abiatuko dute TRANSKULTUR 2019 ekimena, eta hitzaldi desberdinak onarri izango baditu ere, antzerki-ikuskizun, zinema-forum eta erakusketa batekin osatuko dute egitaraua. Bi saio izango dira orotara, eta bihar egingo dute horietariko lehena: Trans-Formatzen (2017) izeneko dokumentala eskainiko dute Mendilorriko Civivox aretoan, Ekaitz Goikoetxeak gidaturiko solasaldi batek lagunduta.

NAIZEN  – EAE eta Nafarroako Adingabe Transexualen Familien Elkarteko famili baten esperientzia jasoko du ikus-entzunezkoak. Hala, transexualitatearen inguruko zalantza eta iluntasunak argitzeko ahalegina izango da dokumentala; testigantza eta informazio bilketaren bitartez, gertutik eta gertuan egoera ezberdinak ezagutzeko aukera luzatu eta gogoetetarako gonbita eskaintzen duena. “Aniztasunaren ortzimugatik soilik ulertu” eta “sentitzen den begiradaz eraiki” den proiektu honek hezkuntzaren sarean erabilgarri eta eraginkorra izatea du helburu.

Bestalde, Sebastian Leilo zuzendariaren Una mujer fantastica (2017) izango da ikusgai maiatzaren 2an, 19:30ean, Iturrama auzoko Civivox aretoan. Honetan ere, Luis Azanza zuzendariak gidatutako solasaldia izango da. Marina zerbitzari gazte bat da, eta abeslaria izan nahi du; Orlando, berriz, inprimategi baten jabea da. Biak etorkizuna elkarrekin bizitzeko planak egiten ari dira. Orlando bat-batean hiltzen denean, Marinak aurre egin beharko dio Orlandoren familiari eta gizarteari, benetan zer den erakusteko: emakume konplexua, indartsua, zintzoa… zoragarria. Teddy saria eta gidoi onenaren saria jaso zituen 2017ko Berlinale, eta  Sebastiane Latino Saria urte bereko Donostia Zinemaldian.

Ikusi hemen ekimenaren inguruko informazio zehatzagoa.