Terra Willy: Planeta ezezaguna film frantsesaren euskarazko estreinaldiarekin emango dio jarraipena Zineuskadik 2019ko Zinema Euskaraz programaren uztari. Gaurtik, apirilaren 26tik, aurrera egongo da filma ikusgai EAEko eta Nafarroako zinema aretoetan.

Animazioa eta abentura izango dira Éric Tosti zuzendariak publiko zabalari zuzendutako proposamen honetan. Willy da protagonista, gurasoekin espazioan zehar bidaian dabilen mutil koskorra. Espazio ontzia istripuz suntsitu ostean, larrialdi kapsula batean bertatik kanporatua izango da Willy eta, gurasoengandik urrun, esploratu gabeko planeta basati batean lur hartuko du. Buck biziraupen robota eta Flash alienígena lagun hartuta, Willyk gurasoak bilatzeko modua aurkitu beharko du.

Terra Willy: Planeta ezezaguna filmaren estreinaldiarekin, sei dira jada aurten euskaraz estreinatutako filmak:  ‘Asterix eta hedabe magikoaren sekretua’ , ‘Dragoi Bola: Super Brolly’, ‘LEGO 2’, ‘Pirata arratoia, eta hazteko beste zenbait abentura’, ‘Alfombra magikoa’ dira besteak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2019an ere, zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri zuten urte hasieran.