Ameriketako Estatu Batuetako Zinemaren Arte eta Zientzia Akademiak zabaldu duenez, eguneratutako izendapen berria izango du atzerriko film onenari aitortza egiten zion kategoriak: ‘Nazioarteko Film Onena’ bezala nabarmenduko dute aurrerantzean.
Sariketak ordezkatu nahiko lukeen ikuspuntu globaletik urrun dagoen ‘atzerriko’ erreferentzia zaharkitua berritu asmoz proposatu dute aldaketa Larry Karaszewskik eta Diane Weyenmannek, nazioarteko filma saritzeaz arduratzen den batzordeko ordezkariek. Adierazi dute, ordea, izen aldaketak ez duela atalaren araudian eragingo: “Nazioarteko pelikula bat AEBtik kanpo ekoitzitako film luzea da, elkarrizketak ere ingelesaz besteko hizkuntza batean dituena. Animazio generokoak edota dokumentalak onartuko ditugu, eta herrialde bakoitzak bakarra igorri ahalko du”.
Halaber, azaldu dute ez dela mugarik izango Netfilx edo streaming bidezko gainerako plataformen bidez heldutako lanei, betiere pantaila handian ikusteko aukerarik bada. Araudiak jasotzen dituen betebeharren arabera, pelikulak zazpi egunez proiektatu beharko dituzte Los Angelesko (Kalifornia, AEB) eskualdeko zinemetan, gutxienez ordainpeko hiru emanaldi eguneko, eta filmok zinemako estreinaldiari itxaron beharko diote plataforma digitalen bitartez zabalduak izateko.
Film kopuru handiagoa
Izendapena eguneratzeaz gainera, beste berrikuntza txiki bat gehituko diote nazioarteko zinemagintzari aitortza egiten dion sailari. Datorren urtetik aurrera, jasotako proposamenen artean hamar film aukeratuko dituzte sariketaren finalaurrekoetarako. Hala, hautagai berri bat gehituko diote orain arte bederatzi filmek osatutako aurretiko aukeraketari.