Arabako lautada hartuko du gaur Mendi TourrekBilbao Mendi Film Festivaleko pelikula onenak biltzen dituen mostra ibiltariak. Agurainen egingo du geldialdia, 19:30ean Harresi Aretoan, eta bi filmaz gozatzeko aukera izango da.

Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den Mendi Film Festival jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero zabaltzen duten deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan dira 2018ko edizioak jaso zituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabalduko ditu Mendi Tourrek. Modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatuko diete film espezializatuak ikusteko aukera.

Hiribildu historikoan kokaturiko Harresi Aretoak jasoko ditu emanaldiak, 19:30etik aurrera, eta bi euroko prezioa izango du, eta aretoaren leihatilan bertan eskuratu ahalko dira saioa hasi baina ordubete lehenagotik. Abenduko jaialditik igarotako film nabarmenduenetako bi izango dira ikusgai:

The Dawn Wall
2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskalaezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten.
Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada huts bat baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Arduraren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere kide Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte.

Viacruxis
Stop-motion teknikaz maisuki egindako film laburra. Marcel eta Andrezj dira protagonistak, bi eskalatzaile handi. Marcelek bere gain hartu du liderraren rola eta ospea, eta Andrezjek, aldiz, nahiago du itzalean egon; gaua eta eguna bezain desberdinak izan arren, talde bikaina osatzen dute. Oraingo honetan, erronkarik gogorrenari aurre egingo diote: mendirik garaienean inork aurrez igo gabeko gailurra eskalatzeari. Horretarako, ordea, oztopo handiak gainditu beharko dituzte, gorriak eta bi ikusi, eta, batez ere, batak bestea jasan.