Zuzendaria: Sergei Loznitsa
Urtea: 2018
Herrialdea: Ukraina-Alemania-Frantzia-Herbeherak-Rumania

Ukraina eta Errusia, etsaitutako senideak?
Bielorrusian jaiotako Sergei Loznitsa (1964) ukrainarraren lana nahiko ezezaguna da gure artean, nahiz eta eskarmentu handiko zuzendaria den (20 dokumental eta 4 fikzio gauzatu ditu) eta nazioartean bere lanek arrakasta dezente lortu duten (Cannes, Karlovy Vary, Sevilla edo Cairoko zinemaldietan saritua izan da). Donbass da zuzendari nekaezin honen azken lana (beste fikzio bat, Babi Yar, eta dokumental berri bat, State Funeral, ditu dagoeneko esku artean) eta filmak Ukrainako ekialdeko Donbass arroan (Donetskyi basein hitzaren akronimo) gertatzen ari den gerra zibila du hizpide. 2014an bertan dauden Donetsk eta Luhansk eskualde edo oblastak Errusia Berriko (Novorossia) konfederazioaren independentzia autoaldarrikatu zuten Euromaidan europazale mugimenduaren aurkako erantzun bezala, eta gatazka armatuak dirau oraindik.

Loznitsaren hasierako asmoa gatazka horiek birsortzea zen, fikzioaren mekanismoez baliatuz eta herritarrek mugikorrekin erregistratzen eta sarera igotzen dituzten bideoen sostengua izanez. Horrela, Donbass 12 atal desberdinetan banatzen da, bata besteari lotuak inongo iragarpenik gabe, filmak zuzeneko benekotasuna eta mugimendu iraunkorraren itxura hartzen duelarik. Erreza da ataletan galtzea, hain dira azkarrak eta desberdinak gertatzen diren eszenak, baina Loznitsak lortzen duen emaitza eraginkorra da oso, kaotikoa den egoera baten aurrean murgiltzen baikaitu, ihesbiderik gabeko labirinto batean barruratuz.

Horrelako sentsazioak beste zinegile baten lanaren aurrean izan ditut, gerra zibil batean gertatu daitezkeen egoera surrealista eta zentzugabeak modu beretsuan aurkezten baitituzte biek. Emir Kusturica serbiarra da zuzendari hori, eta filma, Underground (1995). Loznitsak ukrainar gerra zibila aurkezten digun bitartean, Kusturicak, aldiz, Jugoslaviako Gerra ditu atze-oihal gisa. Kusturicaren forma ez da Loznitsarena, lehenak musika etengabe erabiltzen baitu (Goran Bregovicen doinu menderatzaileak), eta bigarrenak soinuarekin asko jokatzen du, bai (bere ustez, filmaren % 70 da soinua), baina musikak ez du hainbesteko gailentasunik. Edonola ere, gerrek sortzen duten erokeria bihurtzen da bi filmen ardatz, eta agertzen diren pertsonaia guztiak zurrunbilo burugabe eta barregarri horretan murgilduak ikusten ditugu, egoera arruntetan sinestezinak lirateken ekintzak gauzatzen. Ikuslearen bat egitea egoera horiengatik sortzen da, hain zuzen, eta ez hainbeste pertsonaien psikologiagatik.

Donbass filmaren atal guztiek ez dute indar berdina, baina noizbehinka potentzia handiko eszenak ikusten ditugu: hala nola, kazetari alemaniarrari mugan gertatutakoa (“zu ez zara nazia izango, baina ziur zure aitona bazela” esaten dio soldadu batek), ezkontza surrealista edo soldadu batzuk gizon bati egindakoa kale erdian.  Azken honetan, Errusia aldeko soldaduek kale-argi baten zutoinera lotzen dute ustezko traidorea dena. Hori gutxi balitz, ukrainar bandera bat eta kartel umiliagarri bat ezartzen diote oinezkoek ikus dezaten. Pasatzen diren guztiak ustezko traidoreari iseka egiten hasiko dira (zenbait gaztek mugikorrekin bideo eta selfie iraingarriak egingo dizkiote, gero sarera igotzeko) eta jendea pilatu ahala indarkeria eta salaketak areagotuko dira, lintxamenduaren hertzera helduz. Azken unean soldaduek gizona eramango dute, hori bai, oraindik jendea atzetik dutela. Deskribatutako eszena laidogarria edozein gatazketan, edozein garaitan gertatu daitekela jakitea beldurgarria da, eta horrek egiten du Donbass baliotsua, unibertsalizatzen baitu gizakion basakeria.

Sergei Loznitsa zuzendari bikaina dela argi dago, dokumentalean zein fikzioan bide berriak ikertzen baititu, eta Ukraina eta Errusiaren arteko liskarrak eta beraien historia garaikidea hobeto ulertzeko ezinbestekoa iruditzen zait bere lana. Euskal ikusleek Loznitsaren filmak ikusteko aukera izan beharko genuke, bai aretoetan bai atzera begirako moduan. Dagokionari.