Europako eta Latinoamerikako zinemagintzaren topagunea eta erreferentziazko plataforma da urtero Donostia Zinemaldiarekin batera antolatzen duten Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa. Irailaren 22tik  25era bitarte egingo dute aurten, jaialdiaren markoan, eta ekainaren 15era arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Ikus-entzunezko proiektu berriak bultzatzeko espazioa izan ohi da urtero Koprodukzio Foroa Donostia Zinemaldira hurbiltzen diren industria akreditatuentzat, hitzarmen profesionalak itxi eta esperientziak trukatzea ahalbidetzen duen topagunea. Foroko lehenego egunean, irailaren 22an, erakusketarako hautatutako proiektuen aurkezpena egingo dute, pitching delakoak, eta beste hiru egunetan one-to-one bilerak egiteko tartea izango dute ekoizle eta zuzendariek.

Europako zein Latinoamerikako edozein proiektu aurkeztu daiteke deialdira, baldin eta  prestatze-bidean dagoen, gutxienez 60 minutuko iraupena duen, eta gutxienez finantzaketa osoaren %20a bermatua duen. Europar jatorria duten proiektuek berariazko lotura izan beharko dute Latinoamerikarekin eta, era berean, garrantzi berezia emango zaie lehen aldiz foro batean aurkeztuko diren proiektuei.

Aurkeztutako lan guztien artean, hogei aukeratuko ditu Zinemaldiak, Agustina Chiarino, Andrea Stavenhagen eta Javier Martin nazioarteko adituen epahia jarraituaz. Nazioarteko hainbat erakunde esanguratsuen lau sari lortzeko lehiatuko dira hautatutako proiektuok:

  • Proiektu Onenaren Saria, 10.000€-ko ordainsaria proiektu irabazlearen produktore gehiengodunarentzat.
  • Europako Zinema Agentzietako Zuzendariek (EFAD) eta Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien konfederazioak (CACI) elkarlanean banatzen duten Europa-Latinoamerika Koprodukzio Saria, 000€-ko ordainsaria proiektu irabazlearen ekoizle gehiengodunarentzat
  • Koprodukzioaren Garapenaren Eurimages Saria, 20.000€-ko konpentsazioa hautatutako proiektuaren Europako produktore gehiengodunarentzat.
  • Nazioarteko ARTE Saria, 6.000€-koa proiektu hautatuarentzat.

114 proiektu igaro dira bertatik

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, sortu zenetik (2012) 114 proiektu aukeratu dira; horietatik 46 bukatu eta estreinatu dira, 27 gaur egun preprodukzio edo postprodukzio-fasean daude eta 22 nazioarteko jaialdietan aukeratu dituzte, besteak beste, Berlin, Cannes, Locarno, Donostia, Sundance eta Venezian.

Ekainaren 15ean itxiko dute izena emateko epea. Araudia hobeto irakurtzeko, edota proiekturen bat inskribatzeko, klikatu hemen.