Dantza (2018), Telmo Esnal zinegile zarauztarraren hirugarren film luzea, Argentinako eta AEBko 10 hiritan ikusi ahal izango da apirila eta maiatzean zehar, Txintxua Films ekoiztetxeak eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker.

Argentinan abiatu zuten itsasoz bestaldeko bidaia, Misiones probintziako hiriburu den Posadas hirian egiten den Co-Cine Entre Fronteras zinemaldian. Horrez gain, Buenos Aires probintzian ikusi ahal izango da ere, La Plata hirian izango baitira hilaren 24ean.

AEBtako bira, aldiz, apirilaren 28an, igandea, hasiko da Seattle hirian (Washington) eta maiatzaren 1ean jarraituko du Ontarion (Oregon). Maiatzaren 2an, Boisen (Idaho) izango da Dantza ikusteko aukera, eta Californiara igaroko da ostean. San Franciscon emango dute maiatzaren 3an, Chinon hilaren 5ean eta Los Angelesen 6an. Gainera, maiatzaren 9an Renon (Nevada) proiektatuko da, 11an New Yorken eta 17an Washingtonen. Hain zuzen, AEBko hiriburuko emanaldiarekin amaituko dute bidaia. Txintxua Films ekoiztetxetik zabaldu dutenaren arabera, Telmo Esnal zuzendariaren eta Gari Otamendi dantzari protagonistaren aurkezpenak eta solasaldiak lagunduko ditu proiekzioak.

Dantza tradizionalaren unibertso hipnotikoa irudikatzen du filmak. 250 dantzari baino gehiagok hartu dute parte tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei gorazarre egiten dion kantu poetiko honetan. Asmo handiko sormen-apustua egin du Esnalek, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzekin elkarlanean. Jauregik zuzendu ditu bertan islatzen diren unibertso estetiko zein bisualak, eta Urbeltzenak izan dira ikuskizun filmatua gorpuztu duten koreografiak.

Hauxe duzue, bada, aurkezpen birako egutegia:

Apirilak 21: Co-cine. Entre Fronteras. Misiones, Argentina

Apirilak 24: Universidad Nacional de La Plata. La Plata, Argentina

Apirilak 28: Seattle Euskal Etxea. Seattle, Washington

Maiatzak 1: Ontario Basque Club. Ontario, Oregon

Maiatzak 2: Flicks Theatre. Boiseko zinema, Idaho

Maiatzak 3: Basque Cultural Center. San Francisco, California

Maiatzak 5: Chino Basque Club. Chino, California

Maiatzak 6: Universidad California Los Ángeles, UCLA. Los Ángeles, California

Maiatzak 9: University of Nevada, Reno, Nevada

Maiatzak 11: Euzko Etxea. Brooklyn. Nueva York

Maiatzak 17: Washington D.C. Euskal Etxea. Washington