Iragan ostiralean, apirilaren 12an, eman zioten amaiera Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 17. edizioari. Victoria Eugenia Antzokian, eta hiriko beste zenbait agertoki desberdinetan jorratu dituzte egitaraua osatu duten emanaldi eta ekintzak, eta horiek utzitako zenbakiak iragarri dituzte Donostia Kultura eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Saileko antolatzaileek.

10.581 ikusle bertaratu dira Zinemaldiaren baitan antolatu diren proiekzio desberdinetara: 6.432 Victoria Eugenia Antzokiko 20 emanaldietara, 3.779 ikasle horientzat propio atonduriko goizeko saioetara, 292 auzo desberdinetako kultur etxeek jasotako proiekzioetara, 18 Tabakalerak hartuko dituen hitzorduetatik lehenera (maiatza amaiera arte luzatuko dira), eta, azkenik, 60 Martuteneko espetxean egindakora.

Halaber, 9.909 bisitari izan dituzte martxan jarritako 5 erakusketek lehenengo asteetan: Rohingya exodoa, Kongoko emakumeak, Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XV. ekitaldia, People on the Move eta Azkeneko gizakia Lurraren gainean.

Erakusketa horietatik lau zabalik daude oraindik: People on the Move (Udal Liburutegi Nagusia) datorren apirilaren 30era arte, Kongoko emakumeak (Okendo K. E.) maiatzaren 4ra arte, Azkeneko gizakia Lurraren gainean maiatzaren 19ra arte eta Rohingya exodoa (Aiete K. E.) maiatzaren 30era arte.

Zinemaldiko gainerako jarduerei dagokienez –Errealitate birtualaren eta giza eskubideen inguruko erakustaldia, Harresitik abesten kontzertua (Antzoki Zaharra), REACT mahai-ingurua (Etorkizuna Eraikiz Gunea) eta Marmara lantegia (Aiete Jauregia)-, 549 bisitari bertaratu dira horietara. Hala, 21.039 ikusle bildu ditu orotara Giza Eskubideen Jaialdiaren 17. edizioak.

Palmaresa

Bere herrialdearen historian mugarri bilakatu diren heroi grebalarien istorioak ¡Nae Pasaran! (2019)  filmak jaso du Zinemaldira hurbildutako publikoaren babesik handiena, eta hala Ikusleen Saria jaso zuen itxiera ekitaldian. Ognjen Glavoni?-en La carga (Serbia-Frantzia-Kroazia-Iran-Qatar, 2017) pelikulak irabazi du, ostera, Amnesty International erakundeak banatzen duen izen bereko saria, eta Film Guy Nattiv zuzendariaren Skin (AEB, 2018) film laburrak Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenari Saria, 3000 euroko ordainsaria duena.

Amaitzeko, Annemarie Jacir zinemagileak jaso du aurtengo edizioaren Giza Eskubideen Zinemaldiaren Sari Nagusia. Etorkizunari begira banatutako saria dela azpimarratu zuen Beltranek jaialdiaren aurkezpenean, “militantziari emandako bizi oso bati egindako aintzatespena”.