Sexu abusuek ez dute preskribatzen

Zuzendaria: François Ozon

Urtea: 2018

Herrialdea: Frantzia-Belgika

Nahiz eta François Ozon zuzendari frantziarraren azken lana, Grâce à Dieu, zinema aretoetara datorren ostiralean helduko den, 17. Giza Eskubideen Zinemaldian ikusteko aukera izan dugu jada, jaialdiaren amaierako filma izan baitzen. Aipatu Zinemaldian gertatu ohi den bezala, filmak gaurkotasun handiko gaia aztertzen du, Elizaren barruan eman diren (eta ematen diren) pederastia kasuak, eta are gehiago, nola saiatu den instituzio katolikoa horiek estaltzen.

Ozonek itxi gabeko kasu batean oinarritu du bere filma, Lyongo elizbarrutian urteetan Bernard Preynat apaizak scout talde bateko mutikoei egindako zirriak eta sexu-abusuak, eta are lotsagarriagoa, Lyongo artzapezpikua zen Barbarin kardenalak bideratutako estalketa, nahiz eta guztiaren jakitun izan. Hala, salaketa-film baten aurrean aurkitzen gara, eta Ozonen ahalegin osoa salaketa horri pisu zinematografikoa ematean datza. Zuzendariak hogei bat film gidatu ditu dagoeneko, eta kontatzen dituen istorioak lengoaia argi eta gehiegikireririk gabekoa izaten dute, hori bai, askotan sexualitatearen eta harremanen arteko lotura modu bitxian erakutsiz (Swimming Pool, Jeune et jolie edo Une nouvelle amie, esaterako). Ozonen lanetan pertsonaiak ere ezinbestekoak dira, eta gorabehera emozional handiak izaten ohi dituzte. Nahiz eta hasiera batean Grâce à Dieu bere ohiko zinemagintzatik urruntzen dela dirudien, pertsonaien emozio biziak koerentzia osoz sartzen dira Ozonen filmografian (gogoan dut Donostia Zinemaldian antzeko zerbait gertatu zela Dans la maison edo Frantz filmekin, baina pertsonaiak eraikitzieko modua hain da bereizgarria eta antzemangarria, jarraitutasun zinematografikoa onartu behar zaiola).

Emozioak dira Ozonen azken filmak mahai gainean jarri dituenak, pederastiaren biktimek, gehienetan, zaila izaten baitute emozio eta sentimenduak kudeatzea. Horregatik, oso garrantzitsuak dira aktoreen interpretazio sinesgarriak, eta zentzu horretan zeharo asmatu dutela esan behar dugu. Biktima anitz ikusten ditugu filmean zehar, baina hiru dira protagonista nagusiak: Alexandre (Melvil Poupaud), François (Denis Ménochet, Jusqu’à la garde filmean ere lan ahaztezina egindakoa) eta Emmanuel (Swann Alaud). Euren istorio pertsonalak bata bestearen atzetik lotzen joaten dira, filmari dinamikotasun narratibo ezinhobea emanez.

Hala ere, Grâce à Dieu film deserosoa da, ez baitu ikuslea urruntzen uzten ezein unetan. Behin eta berriz apaiz pederastaren biktimak agertzen dira gure aurrean, hasieran bat, gero bi, zortzi… Nork bere historia krudel eta gordina azalduko du, eta horrek arreta mantentzera behartuko gaitu, nahiz eta ikusten (eta entzuten) duguna izugarria izan. Deserosoa izateaz gain, salaketa bat ere bada Grâce à Dieu. Batez ere Elizak bideratutako pederastiaren estalketa higuingarriarengatik. Batikanoak orain gutxi sexu abusuei buruzko gailur bat antolatu zuen, guzti hau nolabait konpontzen hasteko. Hala ere, biktimak ez daude pozik hartutako erabakiekin, eta Frantzisko aita santuari neurri gogorragoak eskatzen jarraituko dute.

Bukatzeko, filmean une azpimarragarri asko daude, baina bat hautatzekotan, Elizaren hipokrisiaren adibide bat aipatuko nuke. Barbarin kardenala sexu abusua jasan zuen Alexandrerekin hizketan dagoela, pedofilia hitza entzutean deseroso agertzen da, eta hura saihesteko eskatuko dio Alexandreri, hitzak “haurrenganako maitasuna” esan nahi baitu. Eufemismozko lengoaia honen aurrean, Alexandrek erantzun ezin egokieagoa ematen dio: “Nola deituko diegu orduan, berorren gorentasun, pedosexualak?”. Hitzerdika ibili gabe.