“I like the continuity, because you have a special tension. Everybody is much more concentrated than when you have short takes. It’s like a play, and how we can tell something, tell something about life… Because it’s very important to make the film a real psychological process.”

– BÉLA TARR

Zinemak, hastapenetik, errealitatea ehizatu eta munduko pertsona ezberdinen begietara eramatea izan du lehen helburu. Lumiere anaien L’arrivée d’un train à La Ciotat (1896) edo Dziga Vertov-en Chelovek s kino-apparatom (El hombre de la cámara, 1929) filmek, esaterako, ikusputu anitzak baliatuz, egunerokotasunean bizitzen diren egoera ezberdinak erakusten zituzten. Nolabait, leku edo egoera batera bidaiatzeko aukera izango balute bezala.

Dziga Vertov, ‘El hombre de la mámara’ (1929)

Baina, zer gertatzen da egungo filmetan erretratatzen diren istorioek egiazko errealitate gordin batera jotzen badute? Lumieren anaien garaian zinema bera esperientzia-magiko nahikoa zen ikusleen begiak pantailari itsasiak egoteko. Baina kontuan izanda egungo zinema lengoaia garatuagoa dela, eta beraz, zinea ulertzeko dugun modua ere garatuagoa dela, interesgarria izaten jarraitzen al du istorio batek bizitzari emandako tratu eta erritmo berberak ezartzen bazaizkio?

Mr. Turner (Mike Leigh, 2014) filma egoera honen isla garbia da. Mireslearen ikuspuntu ederretik sortutako biopic errealista honek errealitatearekiko duen lotura bere muntaian eta zuzendaritzaren ikuspuntuan ageri da; mundu guztian ezaguna den pintore baten pertsonaia ideala alde batera utzi eta bere giza-ezaugarriak ardatz hartzen ditu. Tamalez, hau guztia estalita geratzen da lehen hamar minutuetan ikusleari asperdura sentsazioa gerturatzen zaionean. Aldiz, minutu gutxi horiek igarotzen dituenak plano luzeen barnean gordetzen dena ezagutzea lortuko du.

Errealizazio ez alternatibo bat izan arren, pertsonaia ezberdin bat erakusten digute. Jokabide eta moral eztabaiagarriak izan arren, ikuslea erakartzera heldu daitekeen pertsonaia bat begien aurrean biluztuz. Argazki ederrez bildua, aktore egokiak eta lokalizazio paregabeak lagun, zuzendariak pertsonaia baten erretratatua bikainki marraztu du. Ez du pertsonaia etsipenera eramango duen oztoporik, ezta bere aurka borrokatu beharko duen antagonista gaiztorik ere. Bizitzaren islada balitz bezala, inor ez da ez ona ezta txarra ere, egun on edo txarrik ez den bezala. Hori baita gizatasunaren oinarri nagusia, gris horien arteko nahasketa konplexua adieraztea.

Film batek helburu ezberdinak ditu barnean. Askotan, gainera, ikuslearen araberakoa izango da. Argazkiarekin edo istorioekin disfrutatzen ez duenak aktoreen begiradetan edota lokalizazioetan topatuko du asetasuna. Nire esku egongo balitz, eta eszena bat hautatu beharko banu, garrasiaren unea litzateke. Bertan J.M.W. Turner margolariak berea ez den koadro bat “apaintzen” du pintura gorriz bustitako pintzelarekin. Ondoren, gelatik alde egiten du. Koadroaren jabea oihuka hasten da aldaketak arrazoi edota justifikazioriok ez duela aurpegiratuz. Turner, oraingoan, zapi batekin itzultzen da eta orban formako apaingarriaren azpiko lorratza ezabatzen du. Modu horretan, boia baten itxura hartzen du. Soilik mantsotasunean izango du ikusleak horren esanahiaz pentsatzeko unea.

Gaur egun, ikusleak kontzientzia garbiagoa du zinemagilearen hariaz, eta horrek, ikusten duen guztia galdetzera eramaten du, beti ere, ikusten duenaz gozatzeko aukera badu. Agian horregatik dago mantsotasunaren inguruan halako beldur sentsazioa. Baina bizitza mantsoa da, beraz, zinea zergatik ez? Mantsotasunean ere badaude pertsonaia eta egoera interesgarriak. Askotan, gainera, denboraren ditalazio honek filmaren aspektu, egoera edo pertsonaia guztiak ezagutzeko erraztasuna ematen dio lehen minutuetako “mantsotasun-hesiari” aurre hartzen dion ikusleari. Beraien gezur eta egien jakitun izango balira bezala.