‘¡Nae Pasaran’ filma saritu du Giza Eskubideen Zinemaldiko publikoak

¡Nae pasaran! (Felipe Bustos Sierra; Eskozia-Txile, 2018) filmak Ikusleen Saria irabazi du Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldian. Gaur ospatuko den klausuran jasoko du aitortza, gainerako sarien banaketa ere hartuko duen ekitaldian.

Talde eskoziar baten istorio harrigarria azaltzen du ¡Nae Pasaran!  filmak, Txileko Aireko Indar Armatuen tropa erdiak lurrean utzi zituen boikot ekintza historikoa. 1974an Glasgow inguruko East Kilbride-ko Rolls-Royce fabrikako langileek, txiletarrei babesa emateko eta Pinocheten diktadurarekin lankidetzan ez aritzeko, erabaki hau hartu zuten: iritsi zitzaizkien Txileko Aireko Indarretako Hawker Hunter hegazkin batzuen motorrak ez konpontzea ‒Monetaren Jauregiko bonbardaketan erabili izan zirenak ziurrenez‒. Boikotak lau urte iraun zituen, eta denbora tarte horretan ez ziren jabetu haien keinuak ozeanoaren beste aldean izan zuen inpaktu handiaz.

Hain zuzen, bere herrialdearen historian mugarri bilakatu diren heroi grebalarien istorioak jaso du Giza Zinemaldira hurbildutako publikoaren babesik handiena. Ognjen Glavonić-en La carga (Serbia-Frantzia-Kroazia-Iran-Qatar, 2017) pelikulak irabazi du, ostera, Amnesty International erakundeak banatzen duen izen bereko saria, eta Film Guy Nattiv zuzendariaren Skin (AEB, 2018) film laburrak Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenari Saria, 3000 euroko ordainsaria duena.

Gau gauean, 20:00etatik aurrera, Victoria Eugenia Antzokian banatuko dira sariak, eta Zinemaldiari amaiera emango zaio ondoren Grâce à Dieu (François Ozon; Frantzia, 2019) filmaren proiekzioarekin.

Anne Marie Jacir

Annemarie Jacir zinemagileak jasoko du aurtengo edizioaren Giza Eskubideen Zinemaldiaren Sari Nagusia. Hamasei pelikula inguru idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu palestinarrak, bere sorlekuari estuki lotuak beti. Ekoiztetxe propioa sortu zuen orain urte batzuk, eta tokiko talentu gazteei irakasteko konpromiso irmoaz ari da lanean. Klaseak eman ditu Columbian, Beetleemen, Birzeit-eko Unibertsitatean eta Palestina, Libano eta Jordaniako errefuxiatuen esparruetan.

Etorkizunari begira banatutako saria dela azpimarratu zuen Beltranek jaialdiaren aurkezpenean, “militantziari emandako bizi oso bati egindako aintzatespena”. Hala, gaur gaueko hitzordua baliatuko dute palestinarra omentzeko.