Aurkeztu dute 25. FANT – Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdia

Inoiz baino bereziagoa izango da 2019ko FANT – Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdia. ‘Ezusteko asko’ eta ekitaldi berezi andana iragarri dituzte antolatzaileek zilarrezko ezteiak ospatuko dituen jaialdiaren edizio berrirako, gutxika, ekitaldia hurbildu ahala, aletu dituztenak.

Joe Penna zinegile brasildarraren ‘Ártico’ filmak zabalduko du FANT jaialdia

FANTeko Zuzendariak Justo Ezenarrok, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak lagunduta, aurkeztu zuen atzo maiatzaren 2tik 11ra ospatuko den jaialdiaren programazioa. Bere 25. edizioa dela eta urtarriletik hainbat jarduera eskaini dituen Zinemaldiak maiatzaren 3an irekiko ditu ateak, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokian, urteurreneko ekitaldi bereziarekin. Aurten ere Lander Otaolak gidatuko du, eta bertan, Mads Mikkelsen antzezle daniarra protagonista duen MysteryGuitarMan ezizenez ezagutzen den Joe Penna zinegile brasildarraren Ártico filma eskainiko da. Zuzendaria Bilbon egongo da filma aurkezteko.

Horrez gain, Zinemaldiko Sail Ofizialean, Lehiaketako Sekzio Ofizialaren barruan, Film Luze Onenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendari Onenaren FANT 2019 Sariak eskura ditzaketen hemezortzi film lehiatuko dira tartean estatu mailako premierrak izango diren zazpi estreinaldi: The Chain, The Hole in the Ground, One Cut of the Dead edo You might be The Killer filmak. FANT Laburrean sailak, bestalde, 20 lan eskainiko ditu, horietatik 10 euskal jatorrikoak, eta Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur hoberena izateko lehiatuko dira.

Orain gutxi hil diren erreferentziazko hiru zinemagilerengan jarriko du fokua FANT Maisuak atalak: Larry Coheni, Nicolas Roegi eta Jordi Grauri. Horiek, ordea, ez dira jaialdiak omenduko dituen profesional bakarrak. J.A.Bayona zuzendariak batetik, eta Fred Dekker gidoilari eta sortzaileak, bestetik, jasoko dute Fantastikoaren Izarra saria; Gillermo de Oliveira zinemagile galiziarrak jasoko du edizioko Fantrobia saria, eta Jack Taylor antzezlea izango da ohorezko FANT sariduna. Zinemaldia inauguratu eta klausuratuko dituzten ekitaldien baitan egingo dira sari banaketak.

Emanaldi bereziak, erreskatatutako filmak… eta zinemaren testuingurutik harago doazen 11 ekitaldi jasoko ditu Bizkaiko hiriburuak datozen egunetan. Apirilaren 16an jarriko da salgai, 35 euroren truke, Golem – Alhondigako saio guztietara, Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldira eta Guggenheim Bilbao Museoaren Auditorioko amaierakora sartzeko aukera ematen duen zinemaldi osorako abonua. Saio bakarrerako sarrerek 5 euro balioko dute, eta bihartik aurrera egongo dira salgai proiekzio gune bakoitzeko txarteldegietan eta webguneetan.

Zinema fantastikoaren xarma bereziarekin gozatzea besterik ez da gelditzen, beraz. Horretarako, ikusi hemen egitarauaren gaineko xehetasunak.