Elkarrizketa – Nolakoa da ZINEA.EUS?

ZINEA.EUS: “GURE ZINEMA NAZIOARTEKO EDOZEIN PROIEKTUREN MAILA BEREAN DAGO, ETA BERAZ, FILMAK BERAK MEREZI DUELAKO JOAN BEHAR DA IKUSTERA, EZ EUSKAL HERRIAN SORTUA DELAKO”

2019/04/03

*GAZTEZULO ALDIZKARIKO WEBGUNEAN ARGITARATUTAKO ELKARRIZKETA

Ane Urrutikoetxea (@aneurruti)

Gurea, erraldoien lana egiten duten komunikabide txikiz osaturiko lurraldea da. Orotariko informazioa landu eta hamaika toki zein gai ordezkatzen dituzten itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Lehen gonbidatuak Zinea.eus atariko Maialen Goñi eta Ines Arrue ditugu; Euskal Herriko zein nazioarteko zinema proiektuen berri jakin nahi baduzu, sartu beren webgunean txartelik ordaindu gabe!

Noiz eta nola sortu zen Zinea.eus? Ze helburu zituen sorreran?

Maialen Goñi: Proiektua 2013an sortu zen sektorean sumatzen genuen hutsune bati erantzuna emateko asmoz: euskara hutsean eta bereziki euskarazko zinemaz jardungo zuen hedabide monotematiko baten beharra zegoen. Garai hartan askok uste izan zuten zaila izango zela egunero euskal ikus-entzunezko industriari buruzko (bereziki) eduki berriak eskaintzen zituen atari digital bat abian jartzea, eta batez ere, iraunaraztea, baina sei urte igaro dira eta urtez urte goranzko joera jarraitu dugu.

Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

M.G.: Lehen urteetan proiektua eraikitzeko egin genuen lan: webgunea diseinatu, atalak definitu, kolaboratzaile sarea lantzen hasi, sare sozialetan lehen urratsak egin, sektoreari egitasmoa aurkeztu eta elkarlana sustatu… Pausoak pixkanaka eman ditugu, akatsetatik ikasi dugu, eta ataria egonkortu eta zabaldu ahala sortzen joan diren beharrei erantzun diegu. Hala, ikus-entzunezkoen sektorean, batetik, eta euskal hedabideenean, bestetik, gure tokitxoa egitea lortu dugu, eta gaur egun, biek ala biek gure lana balioesten eta babesten dutela sentitzen dugu. Uste dugu Zinea bezalako hedabide baten arrakasta ezin dela bisita kopuruarekin ala jarraitzaileekin neurtu, eta hor egotea, egunez egun irautea, kalitatezko materiala eskaintzea eta sektorearen eta publiko orokorraren arteko zubi-lana egitea, horixe dela gure lorpenik handiena.

Ines Arrue: Maialenek azaldutakoari gehituko nioke urteekin, nolabait, erreferentziazko iturri bilakatu garela ere informazioa eskuratu edota zabaltzerako orduan. Hau da, ikusten dugu nola jendeak gugana jotzen duen deialdi, lehiaketa, edota proiektu baten inguruan gehiago jakiteko, beraien proiektuen informazioa zabaltzeko hurbiltzen direnak bezainbeste.

Zinemaren munduko informazioa zabaltzen duzue, Euskal Herriko proiektu, aktore eta zuzendariena eta baita nazioartekoena ere, jaialdiak eta bestelako emanaldiak ahaztu gabe. Zenbateko zaletasuna dago zuen ustez zinemarekiko Euskal Herrian?

M.G.: Handia. Eta industria honetan lanean ari diren profesionalen maila altua da horren erakusle argienetako bat. Gazteen artean, esaterako, aretoetara joateko ohitura galtzen ari dela ikusita, eta herritarren zati handi batek zinema komertziala soilik kontsumitzen duela jakinik, pentsa genezake egoera ez dela bereziki aldekoa. Baina era berean, bestelako proposamenak, tokiko ekoizpenak, zinema independente eta pertsonalagaoa… ikusteko ohitura ere badago, eta oro har, Euskal Herrian antolatzen diren dozenaka zinema jaialdi eta ekimenek (jaialdi orokorrak, tematikoak, film laburrenak, lehiaketak, zikloak, emanaldi bereziak…) badute publiko fidela.

I.A.: Gure inguruan ematen ari diren zinemaren inguruko ekitaldien loratze etengabeari begiratzea besterik ez dago ikusteko Euskal Herritarrak zinemagile eta zinezale direla. Esaterako, garai batean zineklub txikiek egiten zuten programazio lana egiten dute egun jardunarekin lotura zuzenik ez duten hainbat museok, gaztetxek edo tabernek. Hamaika gai konkreturi eskainitako zinema asteak, lehiaketa txikiak, zinema udalekuak, zikloak… eskaintza inoiz baino ugariagoa da, eta argi dago atzetik babesten duen publikoari zor zaiola hori. Argiago esatearren, ez da albisterik gabeko egunik: beti dugu zer kontatu.

 

“ASKOK USTE IZAN ZUTEN ZAILA IZANGO ZELA EGUNERO EUSKAL IKUS-ENTZUNEZKO INDUSTRIARI BURUZKO (BEREZIKI) EDUKI BERRIAK ESKAINTZEN ZITUEN ATARI DIGITAL BAT ABIAN JARTZEA, ETA BATEZ ERE, IRAUNARAZTEA, BAINA SEI URTE IGARO DIRA ETA URTEZ URTE GORANZKO JOERA JARRAITU DUGU”.

 

Zuena ez da norabide bakarreko komunikabidea, jendearen parte hartzea bilatzen duzue eta kolaboratzaile sare zabala duzue. Zeintzuk dira zuengana jotzen dutenen interesak?

M.G.: Oro har, zinemarekin lotutako jarduerak antolatzen dituztenek jotzen dute guregana, horren berri ematen lagun diezaiegun: hasi berriak diren ekimenak, herrietako zineklubak… Baina baita lehen filma errodatu duten gazte askok ere. Horien guztien bozgorailu izan nahi dugu, eta euskal zinemarekin lotura duen oro gurera ekarri, topaleku izateko.

I.A.: Izan ere, hasi berri diren horiek dira beste inon lekurik topatzen ez dutenak. Hedabide handien kultura orrietara jotzen baduzu, ziur asko izango duzu egonkortu diren izen handi horien proiektu edo ekimenen berri. Hasiberriak, tokiko proiektuak, edota itzal txikiagoa duten ekimenak dira gure bozgorailu lanaren behar handiena dutenak, eta indar berezia jartzen dugu horiek ikusarazteko.

Kritikarien lehiaketa ere egin izan duzue; zaila al da zinema kritikariak topatzea?

M.G.: Bai, 2015az geroztik, urtebetez gurekin ariko den kritikaria topatzeko lehiaketa antolatzen dugu urtero. Eta egia esan, orain arte ez da batere zaila izan kolaboratzaileak topatzea. Ekimen honen helburua zinema maite duten eta astero film bat ikustera joateko ohitura duten horien lana saritzea da, eta bide batez, guk ere zaletasun horri etekina ateratzea. Deialdietako batean ia 30 lagunek hartu zuten parte, pentsa!

I.A.: Esan behar da, gainera, gure jarraitzaileek asko estimatzen dutela astero kritikariaren iritzi-testua. Uneko estreinaldiak izaten dituzte hizpide, eta irakurleentzat oso praktikoa da beren erabakia bideratu dezakeen gomendioa jasotzea. Urteekin ikusi dugu gure kritikariekiko interesa hazten joan dela, eta egun beste hedabide batzuetan ere publikatzen dituzte horiek idatzitakoak.

‘Kutsidazu’ atalean jendearen film gogokoenak biltzen dituzue. Zeintzuk dira Zinea.eus osatzen duzuenen film gustukoenak?

M.G.: Ikaragarri kostatzen zait film gustukoena ala gustukoenak zehaztea, kolore, forma, tamaina… guztietako istorioetatik zerbait gordetzea atsegin dudalako. Baina utzi zizkidaten sentipenak oroituta, mutiko nerabeen bizipen eta problematikei buruzko bi lan aipatuko ditut: Mommy (Xavier Dolan, 2014) eta Call Me By Your Name (Luca Guadagnino, 2017). Gainera, arreta berezia jarri ohi diot soinu bandari, eta bi kasuotan ere faktore garrantzitsua izan zen. Baina era berean, Tarantinoren edo Koreedaren edozein lan, baita haurrei zuzendutako animaziozko filmak ere, oso gustura ikusten ditut.

I.A.: Maialenek botatako erantzuna baina zertxobait sinpleagoa da nire aukera. Akaso gehiegi hausnartu gabekoa, baina betidanik eduki dut joera galdera honi Cinema Paradiso (Giuseppe Tornatore, 1988) filmaren gomendioa eginez erantzuteko. Pentsatzen dut ikusi nuenean sortu zidan samurtasunagatik, urteetan hainbestetan errepikatu izan soinu banda zoragarriarengatik… Gehiago pentsatzen jarriko banintz, seguru asko Fried Green Tomatoes(Jon Avnet, 1991), Spotlight (Thomas McCarthy, 2015) edo Three Billboards Outside Ebbing, Missouri (Martin McDonagh, 2017) esango nizkizuke ere.

Netflix eta antzeko plataformek zer nolako eragina dute zinemagintzan zuen ustetan? Aretoak hustutzen ari diren garaiotan, bigarren aukera bat eman diote sektoreari? Edo alderantziz?

M.G.: Plataforma horiek zinema kontsumitzeko modua aldatzen ari dira, eta garai berrira egokitzen jakin behar dugu. Uste dut alde positiboa ikusten saiatzea dela gakoa, eta planteatzen dituzten aldaketak erronka berritzat hartu behar direla, ez galera edo kalte moduan. Bikoizketarekin eta azpidatziekin gertatzen den bezala, kontsumo molde tradizionala (zinema aretoak) sistema berriekin (atari digitalak) bateragarriak dira, ez du zertan batak bestea ordeztu behar. Eta industriaren egitekoa bigarren aukera hori bere probetxurako erabiltzen ikastea da.

 

“ARGI DAGO ELKARLANEAN INDARRAK HANDITU EGITEN DIRELA, ETA ERAGITEKO GAITASUNA ERE BIDERKATU EGITEN DUGULA”.

 

Egun euskarazko komunikabideek ez dituzte une gozoak bizi; zuena, gainera, zuen euskarria web orria da. Nola bizi duzue egoera?

I.A.: Une zailak dira, bai. Zinea proiektuak, duen izaeragatik (euskara hutsean egiten den hedabide monotematiko digitala da), baditu zailtasunak publiko zabal eta hetereogeneo batengana heltzeko. Eta azken urteetan laguntza txikia jaso du entitate publikoen partetik. Baina egoerak hobera egingo duelakoan gaude, bai hazkunde mailan eta baita maila ekonomikoan ere. Kalitatezko produktu bat egiten dugu, urtetik urtera hobetzen ari dena, eta pixkanaka bada ere, publizitatea sartzen ari zaigu. Aipatu dugun moduan, guretzat arrakasta irautea eta maila mantentzea da, gainerakoak etorriko dira.

Komunikabide txikiek ez dituzte gauzak errezak; elkarren arteko batasun batek egoera hobetu lezake?

M.G.: Zalantzarik gabe. 2016an Hekimen Euskal Hedabideen Elkartean sartu ginen, eta ordutik talde handi baten parte garela sentitzen dugu. Gai batzuetan nork bere aldetik egin behar du aurrera, baina beste askotan elkarlanean denontzako onurak lortzen ditugula ikustea funtsezkoa da. Nork bere zailtasunak, erronkak eta garaipen txikiak ditu, baina indarrak batzea beti da onuragarria.

I.A.: Argi dago elkarlanean indarrak handitu egiten direla, eta eragiteko gaitasuna ere biderkatu egiten dugula. Gutako bakoitzak arlo desberdin bat jorratzen badu ere, beharrezkoa dugu oinarrizko gure arteko harremanak landu eta batasunean aritzea, lanerako baldintza duinak ezarri eta horiek bermatzen direla zaintzeko. Horretan ari gara.

Euskal zinemak ere izan ditu zailtasunak, nahiz eta azkenaldian proiektu ugariren arrakastak loraldi moduko bat sustatu duen; euskaldunok kontsumitzen ote dugu euskal zinema? Laguntza nahikoak ematen ote dira?

M.G.: Euskaldunok euskal zinema kontsumitzen dugu, bai. Behar adina? Bada, ziurrenik ez. Euskal proiektuek oihartzun handia egin behar dute jendea aretoetara erakartzeko, hori hala da. Baina badago militantziagatik, “euskal filmak laguntzeko”, joaten den herritar talde handi bat. Eta horretaz aparte, azken urteetan, bestelako sentipen bat zabaldu da jendartean: gure zinema nazioarteko edozein proiekturen maila berean dago, eta beraz, filmak berak merezi duelako joan behar da ikustera, ez Euskal Herrian sortua delako. Laguntzei dagokienez, oraindik bide luzea dugu egiteko, beste mila konturekin bezalaxe, eta ikus-entzunezko industria sendo bat nahi badugu (lehiakorra izan badelako), gehiago babestu behar dugu. Eta ez soilik laguntzen aurrekontua handituta, horiek birpentsatu eta egokituta baizik. Baina tira, aurrerapen txikiak egiten ari gara.

 

“EUSKALDUNOK EUSKAL ZINEMA KONTSUMITZEN DUGU, BAI. BEHAR ADINA? BADA, ZIURRENIK EZ. EUSKAL PROIEKTUEK OIHARTZUN HANDIA EGIN BEHAR DUTE JENDEA ARETOETARA ERAKARTZEKO”.

 

Euskal zinegintzaren artxiboa osatzeko ere, Ganbara sortu zenuten; zer moduz doa proiektua? Harribitxirik topatu al duzue?

M.G.: Lehen garapen fasea igarota, proiektua sendotze eta zabaltze aro batean sartu dela esan genezake. Dagoeneko film, profesional, enpresa, albiste, kritika eta sarien 3.000tik gora fitxa eskaintzen ditu, eta horiek errazago topatzeko eta haien artean alderaketak egiteko bilatzaile aurreratu estreinatu berri dugu. 2019an edukiz hornitzen jarraituko dugu, eta zenbait atal berri gehitzeko asmoa ere badugu, urtea amaitu aurretik jakinaraziko ditugunak. Harribitxiei dagokienez, bakar bat aipatu beharrean, datu-basean dauden euskal filmen multzoa bera sekulako altxorra dela esango genuke. Nork pentsatuko zuen euskaraz horrenbeste lan izango zirela ikusgai? Oraindik Ganbara ataria ezagutzen ez dutenei, bisitatxo bat egiteko gomendatuko diegu, espero ez duten informazio mordoa aurkituko dutelako bertan.

I.A.: Beste modu batera erantzungo dut nik, erronka batekin: hartu boligrafoa eta idatzi paper zurian euskal filmen hamar izenburu. Errez? Kostata? Nire inguruan, edota proiektuaz hitz egiterakoan galdera luzatu dudanean normalean isilune luzeak ematen dira. Baina errealitatea da 900 izenburuko zerrenda atera dugula guk, eta beste hainbeste profesional, lagin eta eduki. Maialenek esan bezala, euskal zinemagintza bera da harribitxia, bere osotasunean.

Zeintzuk dira Zinea.eus-en etorkizuneko erronkak?

M.G. eta I.A.: Gure komunitatea eta kolaboratzaile sarea zabaltzen jarraitu nahi dugu, eta sektorean erreferentzialtasuna mantendu. Horrez gain, proiektuaren iraunkortasuna bermatuko duten baliabideen kontrola geureganatzea garrantzitsua litzateke, ziurgabetasunak, neurri batean, proiektua kaltetzen duelako. Eta beste hedabideekin elkarlana sustatzea ere funtsezkoa iruditzen zaigu, onurak aldebikoak direlako. Barrura begira, azkenik, ikasten eta hobetzen jarraitzea da gure erronka nagusia, eta horretarako gure esku dagoen guztia emateko prest gaude.