Soinujolearen semea

David hilzorian dago, eta Joseba, txikitako laguna, azken agurra ematera joan zaio Kaliforniara. Biak ETAkide izandakoak dira Francoren diktaduraren azken urteetan, baina Davidek deserrirako bidea hartu behar izan zuen militantzia kideen arbuioak probokatuta. Orain, azken topaketa honetan, egiari aurre egin beharko diote aspaldiko lagun hauek.

Euskal literaturan inoiz argitaratu den eleberri garrantzitsuenetako bat da Bernardo Atxagak idatzitako ‘Soinujolearen Semea’. Euskaraz idatzitakoen artean sari gehien eskuratu dituen idatzia da, eta baita atzerriko hizkuntzetara gehien itzuli dena. Antzerkirako egin zuten moldaketak jasotako arrakastaren ostean, zinemarako egokitu du orain gidoia Patxo Telleriak. Abra Prod eta Tentazioa ekoiztetxeak daude proiektuaren atzean, eta Fernando Bernuesek gidatu du errodajea.

Euskal zinemagintzan aski ezagunak diren aktorez osatutako kastinaren babesa izango du filmak. Hala, Aitor Beltran eta Iñaki Rikarte izango dira bi protagonista nagusien azaletan jarriko diren profesionalak, baina, besteak beste, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Laia Bernués eta Eneko Sagardoy ageri dira ere zerrenda artistikoan.

The Aftermath

1946 urtea, Bigarren Mundu Gerra osteko Alemanian. Rachel Morgan protagonista Hamburgoko aurrietara itzuliko da, hiria berreraikitzeko agindua jaso duen senarrarekin topo egiteko asmoz.

Espero zuenetik urrun samar dagoen panorama batekin egingo du topo bertan: senarrak partekaturiko etxe bat hautatu du bizileku berri gisa, eta arima iluneko gizon alargun bat eta haren alaba traumatua izango dira etxekide berriak.

Mia et le lion blanc

Egun batetik bestera, goitik beherako bizimodu aldaketa bat eman duen neskatxa gazte bat da filmaren protagonista, Londrestik Afrikako sabanara lekualdatutako familia baten kiderik gazteena.

Harreman berezia egingo du lurraldeko jaun eta jabe den lehoi basatiarekin, eta horien artean josiko den lotura estuak bidaia luze eta arriskutsu bat abiatzera bultzatuko du.

After

Unibertsitateko lehen urtea du Tessa Young protagonistak, eta bere bizimodu lasai eta txukuna izango ditu aldaketara egokitzeko tresna eraginkorrenak. Zurrunbiloaren erdian Hardin Scott ezagutuko du, bere bizitza hankaz gora jarriko duen gazte misteriotsua.

Bi mundu desberdinekoak direlakoan, gorrotoa izango da hasiera batean haien artean nagusituko den sentimendua. Istorioak aurrera egin ahala, ordea, gero eta hurbilago egongo dira.

Doubles vies

Lagunak eta lankideak dira Alain eta Leonard protagonistak: idazlea da bat, eta bere editorea bigarrena, eta nekez moldatzen dira teknologiak gidaturiko gizarte aurrerakoian. Leonarden azken testua aztertzeko egiten duten hitzorduak abiatuko du istorio korapilatsu hau, editoreak hitz aproposak topatu beharko baititu kideari bere lana atzean geratu dela adierazteko.