Udara bitarteko programazioa aurkeztu du Tabakalerak

Apiriletik ekainera bitarteko ikus-entzunezko eskaintza oparoa egingo dute Tabakalerako pantaila publikoan, bertako ekosisteman zinearen inguruan lan egiten duten erakundeen proposamenak uztartuta: Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elias Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakaleraren gomendioak, hain zuzen.

Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarrizketan sortua da egitarauak jasoko duen lehen ekitaldia, Galdera Batzuk izena jasoko duen fokua. Nazioarteko jaialdietan berriki aurkezturiko lau pelikula izango dira ikusgai, historiaren, gerraren eta aldaketa politikoen arteko harremanen inguruko hainbat galdera mahai gainean ipini, eta zinemak memoria kolektibo gisa duen paperaren inguruko gogoeta bultzatuko dutenak.

Ognejn Glavonic serbiarraren Dubina dva (Depth Two, 2016) dokumentala izango da lehena, apirilaren 11n, eta horren ondoren, Les tombeaux sans noms (Rithy Panh, 2018), Waldheims Walzer (Ruth Backermann, 2018) eta Unas preguntas  (Kristina Konrad, 2018) helduko dira, besteak beste, gerrak, herriaren memoria, giza eskubideen urraketa eta genozidioa bezalako gai gordinak jorratuko dituztenak. Euskal Itsas Museoarekin elkarlanean atondu dute bigarren fokua, Lurralde Berriak, zinema garaikideak modu kritiko-poetikoan geografia berrien inguruan egindako gogoetak bilduko dituena.

Halaber, aurrera egingo du ere Jatorrizko Soinu Banda zikloaren programazioak, pelikulak zuzeneko musikaz lagunduko dituen emanaldi sorta. Apirilean, Austrian Filmarchiv jaialdirako berreskuratutako bi lan proiektatzearekin batera, Inou Ki Endok (Austria) berak sortutako musika joko du zuzenean. Maiatzean, berriz, kontzertu berezi batean Raül Refreek Donostia Zinemaldiko azken edizioan Urrezko Maskorra irabazi zuen Entre dos aguas (Isaki Lacuesta, 2018) filmerako idatzitako soinu banda interpretatuko du.

Bartzelonako Americana Ipar amerikako zinema independentearen jaialdiari eskainiko dio tartea Gutun Zuriak programak. Bertan, hiru pelikula proiektatuko dira: Raul Ruiz zuzendariaren The Golden Boat (1990), Paul Danoren Wildlife (2018), eta Frederick Wiseman zinema dokumentalaren maisuaren Monrovia, Indiana (2018). Ekainean, aldiz, Miarritzeko FIPA zinema jaialdia izango da protagonista, eta Daraya, la bibliothèque souos les bombes (2018) proiektatuko dute.

Udari hasiera eman arte arte jarraituko dute ere jadanik abian diren bi zuzendari handien (Agnés Varda eta Claire Denis) atzera begirakoek, eta Euskadiko Filmategiak zinema mutuaren eta slapstickaren maisu handiari, Buster Keatoni, eskainiko dio ziklo berri bat gehituko zaie. Zinema feministari egiten ari zaizkion berrikusketa zikloak ere jarraikortasuna izango du, eta Marleen Gorris eta Cheryl Dunye zinegileen pelikulak proiektatuko dituzte datozen saioetan.

Ikusi xehetasunak hemen.