Guillermo de Oliveira eta Jack Taylor zinemagileak sarituko ditu FANT jaialdiak

Datorren Maiatzaren 2tik 11ra ospatuko da Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25.edizioa, eta antolatzaileak urteurrenaren harira atondu duten egitarau bereziaren pilulatxoak askatzen ari dira gutxinaka. Berriki jakin dugu Guillermo de Oliveira zinemagile galiziarra izango dela Fantrobia sariduna, eta Jack Taylor antzezleak jasoko duela Ohorezko Fant saria.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. edizioak Jack Taylor antzezleari emango dio Ohorezko FANT saria.

Fantasiazko generoan nabarmentzen ari den unean uneko figura bat aintzatetsi du urtero FANT jaialdiak banatzen duen FANTROBIA Sariak. Hatem Kraiche, Can Evrenol, Sean Brosnan edo Paul Urkijo izan dira azken urteetan omendutako zuzendari batzuk. Aurten, halaber, gertuko zinemagile bat sarituko du jaialdiak, Guillermo De Oliveira galiziarra hain zuzen,  eta Sitgeseko jaialdian bere lehenengo film luzea saritu izana aitzakia bikaina izan da horretarako. FANTen amaiera ekitaldian jasoko du aitorpena, maiatzaren 10ean.

Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Kazetaritzan lizentziaduna da Guillermo de Oliveira (Vigo, 1986), eta  zinema zuzendaritza eta gidoi idazkera lantegietan ere hartu du parte, Los Angeleseko New York Film Academy izenekoan (AEB) eta San Antonio de los Bañosko (Kuba) EICTVn. Zapruder Pictures ekoiztetxe propioa sortu, eta film laburrak egiten eman zituen lehen urratsak, bideo-jokoak irudi errealetara egokituaz, hain zuzen. Max Payne: Valhalla (2012), Modern Warfare: Sunrise (2013), edo Red Dead Redemption: Seth’s Gold (2015) saritua dira horietako batzuk, ingelesez grabatuta daude eta bost milioi erreprodukziotik gora biltzen dituzte Youtuben.

Desenterrando Sad Hill (2018) dokumentala da zuzendu duen lehen lan luzea, eta bertan, Sergio Leoneren Il buono, il brutto, il cattivo (1966) klasikoaren amaierako eszenako hilerria berreraikitzeko fanatiko talde batek bizitzen duen odisea ekarriko du irudietara. Lanak Sitgesko Zinemaldiko Film Onenaren Noves Visions Saria lortu zuen jaialdi fantastikoaren iragan edizioan, eta Goya Sarien azken edizioan Dokumental Onena jasotzeko hautagaitza ekarri zion, besteak beste.

Ohorezko Fant saria

Bestalde, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. edizioak, Jack Taylor (Oregon, AEB, 1936) izenez ezaguna zen George Brown Randal antzezleari emango dio Ohorezko FANT saria. 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan estatuko generoko zinean ezinbestekoa izan zen Taylor, garaiko lan mitiko askoren protagonista, La venganza de la momia (1973) edo El buque maldito (1974), besteak beste.

Estatu Batuetan jaio bazen ere, 50eko hamarkadaren amaieran Mexikora joan zen, eta ondoren, 1961ean Madrilera. Bertan egin zuen bere ibilbidearen zati handiena, batez ere beldurrezko filmak egiteari emandakoa.  FANTen edizio berezi honen abiapuntua izango den ekitaldian jasoko du omenaldia, maiatzaren 3an, 20:00etatik aurrera Campos Antzokian.