Otsailean Gipuzkoako hiriburuan izan zen zuzendari famatua, antza errodaje berrirako paraje bila. Zurrumurrua baieztatu du orain Denis Itxaso Kultura diputatuak, eta adierazi duenez, uztailaren 10ean hasiko ditu Woody Allenek bere azken filmerako grabaketa lanak Donostian.
2017an zuzendu zuen azken filma zuzendari newyorktarrak, eta bi urteko luzeko sormen etenaldia egin du ordutik. Donostian errodatuko duena izango da bere ibilbidearen martxa abiaraziko duena, eta poz handiz iragarri zuen politikari donostiarrak: “Orain bai, baieztatuta. Uztailaren 10ean hasiko dira Donostian Woody Allenen azken filmaren grabaketa lanak. Zazpi asteko grabaketak, gure kokapenak zabaltzen lagundu eta zerbitzu profesional ugari mugiaraziko dituztenak”.
Grabaketak hiriari zein, oro har, eskualdeari ekarriko dizkion onura profesional zein turistikoak azpimarratu zituen Denis Itxasok zabaldutako adierazpenak: “Allenen ekoiztetxearen apustuak onura ekarriko die Gipuzkoan zinemaren sektorean diharduten profesionalei, mundu mailako zuzendari onenetariko batekin lan egiteko aukera emango baitie”.