Aitor Beltran aktoreak 2012an hartu zuen parte Fernando Bernuesek zuzendutako ‘Soinujolaren semea’ antzezlanean. Bernardo Atxagaren eleberriaren egokitzapenak arrakastatsu hartan Daviden papera egin zuen, gaztetan. Bada, zazpi urte geroago, zuzendari beraren gidaritzapean, pantaila handirako egokitzapena aurkeztu dute.

Daviden papera egin du berriro, baina helduaroan. Eta berezia izan da berarentzat: “Antzerkian historia osoa kontatzen duzu, hasi eta bukatu, ordena kronologiko batean. Ez dago bitartekaririk aktore eta publikoaren artean, eta aktorea bera da kamera. Zinemak, ordea, egoteko beste modu bat ematen dizu. Pelikula bat filmatzerakoan aktorea tresnatxo bat da, baina aldi berean beste gauza batzuk jasotzen ditu. Filmak haragia ematen dizu, dena zure aurrean gertatzen da”.

Pantaila handirako moldaketan, hiru garai desberdinetan banatu dute adiskidetasuna, traizioa eta indarkeria nahasten dituen istorioa (haurtzaroa, 20 urteetako gaztetasuna eta, azkenik, 50 urte ingurukoa), Euskal Herriko istorioaren ikuspegi desberdinak biltzeko helburuarekin. Zuzendariaren hitzetan, sentimenduetan jarriko du indarra Soinujolearen Semeak, hogeita bost urtez etenda izan ondoren, berriro ere topo egingo duten bi lagunen harremanean: “Iraganaz hitz egiteko, eta sozialki metaforikoa izan daitekeen isiltasuna apurtzeko azken aukera izango dute aspaldiko adiskide min horiek”.

Proiektu indartsua da, eta sona handiko profesional ugarik osatu dituzte talde artistiko zein teknikoak. Lehenegoari dagokionez, Aitor Beltran bera eta Iñaki Rikarte dira protagonista nagusiak, David eta Joseba pertsonaia nagusien larruazalean jarriko direnak. Zerrenda artistikoan ageri dira ere Cristina Merchan, Bingen Elortza, Mikel Losada, Asier Hernandez, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo,  Miren Arrieta, Laia Bernues edota Eneko Sagardoy. Arlo teknikoari dagokionez, Patxo Telleriak egokitu du gidoia, Gonzalo (Kalo) Fernandez Berridi aritu da argazki-zuzendaritza lanetan, eta Fernado Velazquez sortzailearena da musika.

Filma Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia zabaltzeko hautatua izan zen, eta datorren ostiralean, apirilak 12, helduko da zinema aretoetara.