Zuzendaritza-fasea abiatuko du NOKAk, mahai-inguru ireki batekin

Prestakuntza programaren bigarren atala hasiko dute gaur, apirilak 8, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako ‘NOKA Mentoring’ egitasmoko partaideek: Zuzendaritza-fasea. Mahai-inguru ireki bat izango da abiapuntua, Anahí Berneri, Garbiñe Ortega eta Mercedes Alvarez gonbidatuen presentziarekin.

Kulturan eta, horren baitan, zinemagintzan diagnostikatutako arrakala eta disfuntzio handi bati erantzuteko egitasmo gisa aurkeztu zuen Joxean Muñoz Kultura Sailburuordeak NOKA programa iragan urteko urrian. Muñozen arabera herri osoaren kezka bihurtu behar zegoen premisa hori, eta Jaurlaritzatik horretan aurrera urratsak ematen ari zirela adierazi zuen: “Emakume zinemagileen pisua eta ikusgarritasuna handitzen lagunduko duen egitasmoa izango da NOKA”.

Hala, urte osoan zehar zabalduko den programa sortu dute. Hiru film luze bultzatuko ditu egitasmoak, eta Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat aditu eta aholkularien formakuntza jasoko dute hautespen prozesua gainditutako hiru emakumekAgurra izenburu duen lehen filma filmatzen ari den Itziar Leemans; El peso dokumentala filmatzen ari den Tamara Lucarini; eta 20.000 especies de abejas izenburuko fikziozko luzea burutzeko prozesuan dagoen Estibaliz Urresola.

Programak markatzen duenera

Jaurlaritzak aurkeztutako ‘NOKA Mentoring’ erakundeak zinemagileen ezaugarrietara ad hoc atondutako programa batetik abiatutako egitasmoa da. Prestakuntzaren lehen etapan gidoia eta tratamendua landu zituzten sortzaileek, eta Celia Rico (Viaje al cuarto de una madre), Meritxell Colell (Con el viento) eta Marina Stavenhagen (Viaje redondo) egileen laguntza izan zuten horretarako.

Publikoari irekitako jarduera batek zabalduko du gaur bigarren etapa: Maider Oleagak gidatuko duen Anahí Berneri, Garbiñe Ortega eta Mercedes Álvarez mentore gonbidatuen arteko elkarrizketa saioa izango da, egungo zinemaren ikuspegiari eta begiradari buruz jarduteko solasaldi bat. Tabakaleraren Z aretoan egingo dute, 18:30etik aurrera.

Norberak bere esperientzia eta ikuspegia azalduko ditu, zinemagintzan ikuspegi propioa izatearen garrantzia azpimarratuz. Halaber, beste hainbat gai jorratuko dituzte ere, hala nola ikuspegi femeninoaren bestelakotasuna (halakorik baldin bada behintzat) eta genero-ikuspegia zuzendaritzan. Aurkezpena amaitutakoan networking-saio bat egingo da, ekitaldira agertzen diren gainerako zinemagile eta industriako profesionalekin.

Zinemagintzako industriako profesionalei irekitako jarduera paraleloak izango dira mentoretza programak iraungo dituen aste guztietan. Topagunea sustatzea, ikus-entzunezkoen nazioarteko industriaren inguruko esperientziak trukatzea eta euskal zinemagintzaren industria-sarea sendotzea izango da aparteko jarduera hauen helburua.