Hamabi hamarkada bete ditu zinemak, eta hamabigarren ediziora iritsi da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia ere 2019an. ‘Zinemak hamabi’ lelopean iaz Euskal Herrian egindako lanen lagin bat izan da ikusgai igaro berri den ekitaldian, eta hamabi sari banatu dituzte horiek guztien artean.

Huhezinema jaialdiko 12.edizioaren saridunen talde-argazkia. (Argazkia: Huhezinema)

Sail Ofizialaren aurkezpenak itxi zuen egitaraua apirilaren 5ean, ostiralean. 16:30ean hasi zituzten proiekzioak, eta sari banaketa ekitaldia, luntxa eta ospakizun kontzertua etorriko ziren atzetik. Kepa Errasti aktore eta zuzendariak gidatu zuen saioa, eta goraino bete zuten Aretxabaletalo Arkupe Aretoa hitzordura gerturatutako zinemagilea, zale, ikasle, bestelako egile eta jaialdiaren babesleek.

Egitarauan jasotakoaren arabera, atal nagusiko film laburrak ikusteko aukera izan zuten lehenengo gonbidatuek, eta, ondoren, ikusleek haien lanik gogoenaren aldeko boza emateko aukera izan zuten. Boto guztiak zenbatu, eta sari banaketari ekin zioten berehala. Urtero bezala, zinemako profesionalek osatu dute jaialdiko epaimahaia; aurtengoan Iratxe Fresnedak, Natxo Rodriguezek eta Izaskun Arandiak, hain zuzen.

Bada, honako hauek dira Huhezinemako 12.edizioaren irabazleak:

Kutixi Saila

  • Kutixi Saria (400€): Urtea joan da (Egoitz D. Ibargoitia).
  • Ikusleen Saria (100€): Babarrun txapelketa (Julen de la Serna).

MU Ikasleen Saila

  • Fikzio Onenaren Saria (300€): Erroak (Ane Zuazubiskar).
  • Dokumental Onenaren Saria (300€): Min ezkutuak (Ane Garcia).
  • Argazki Onenaren Saria (filmatzeko materiala 1500€ko balioa duena): Erroak (Ane Zuazubiskar).
  • Ikusleen Saria (100€): Stendhal (Egoitz D. Ibargoitia)

Sail Ofiziala

  • Huhezinema Saria (200€): Finalista guztiek jaso dute kopuru hau.
  • Goiena Saria (Euskarazko film onenari, 1000€): Zain (Pello Gutierrez).

*Huhezinemako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Asfixia (Leire  Egaña) film laburrari, Goiena Sarian.

  • Vertigo Saria (MUko ikasleek osatutako epaimahaia, 400€): Minutuak (Mikel Uralde Arrue).
  • Ikusleen Saria (300€)Minutuak (Mikel Uralde Arrue)
  • Mundukide Saria (Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaia egokien txertatuta dituen film laburra, 700€): Mugak hautsiz (Asier Toledo, Xabier Martin).

*Huhezinemako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Mundukide Sarian Un agujero en el muro film laburrari.