Mikel Estomba, 2019ko apirila

Festa eta jai giroan gaudenean entzun ohi ditugu. Dantzan, herrian, armonian… Orduan askatzen dira irrintziak. Baina beste egoera batzuetan ere soinu kementsu hauek atera eta entzuten dira. Ekain Martinez de Lizarduyk lagun baten hiletan izan zuen esperientzia. Lehen aldiz pertzibitu zuen hain sakonki irrintzi bat. Ohartu zen ordurarte zuen ezagutza distortsionatua zela.

Irrintzi desberdinen nahasketa xamurra da Erraiak. Oihuek dokumentala zuzentzen ez duten arren (soinu banda itzel batek egiten du), isiltasunek eta erritmo leunak ikuslea eroso sentiarazten du, erraiak sentiarazten dizkio. Leuntasun horretan murgildurik entzuten dira irrintziak eta haien inguruko galdera eta erantzunak. Zer da irrintzia? Zergatik egiten da irrintzi?

Oihu magiko bezala deskribatzen da batzuetan. Beste batzuetan ordea, giza imitazio bezala. Irrintzilarien potentzia eta indarrak euskal nortasuna erakusten duen oihu honen transmisioan eragin du, dokumentalean bezalaxe. Euskal Herriko larre, mendi, itsaso, hiri, baserrietan zehar entzuten dira irrintziak, baina kasu honetan ikusi ere egiten ditugu pantailaratzen diren plano orokor landuei esker. Aspalditik bizi den zerbait da, deskribaezina dena. Deskribaezina da, baina sentsazioak deskribatzeko balio du. Irrintzi batek poza, tristura, amorrua edota sufrimendurik latzena erakutsi dezakelako.

Misterio bat da oihu honen jatorria, historia eta erabilera. Misterio bat da ere dokumentalaren jatorria zuzendariaren esanetan. Irrintziak bezalaxe, erakusteko, askatzeko beharra sentitu zuela aipatu du Ekainek. Dotore, jantzita eta indarrarekin egin du. Arnasaldi batez bota eta transmisioa guztiz lortu du, argiak piztu orduko aretoa kobazulo bilakatu baita, irrintziz josi da.