Indartsu dator Animadeba jaialdiaren 11. edizioa. Martxoaren 22an itxi zuten ekaineko ekitaldirako izen ematea, eta 1349 proiektu jaso dituzte orotara, inoizko zifrarik altuena. Hautespen Batzorde baten esku dago orain aukeraketa finala egitea.

Euskal Herriko animazioari eskainitako ekitaldi urtetsuenak aldaketa nabarmena jasoko du aurten: Gabonen bueltan ospatzen zen mostra izateari utziko dio Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldiak, eta nazioarteko jaialdi bilakatuko da. Ekainean egingo dute, hilaren 19tik abiatuta, eta bost egunez luzatuko da.

“Erakustaldia etengabe hazi da, handia egin arte. Hamar urte eta gero, formulak funtzionatzen duela frogaturik, Animadeba festibalak merezi duen garapen naturala dela uste dugu” azaldu du Aitor Oñederra euskal zinemagileak.  I said I would Never Talk About Politics animaziozko film laburragatik 2017 Goya sarien hautagai izan zen, eta jaialdiaren sormen zuzendaria da egun. Doxa Producciones enpresak antolatzaile taldearekin bat egin du  ere, eta mostra izatetik Festibala izateko trantsizioa izan du bere eginkizun nagusia, Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxearen inplikazioarekin.

Inoizko deialdi zabalena

Lehiaketa izango den lehen edizio honetan, parte-hartze marka guztiak hautsi ditu Debako Udalak antolatutako ekimenak. Jasotako 1349 film laburren artean, AEBtik aurkeztutakoak dira gehiengo (125), eta nabarmena izan dira ere Frantzia (120) zein Irandik (91) jasotako lanen kopuruak. Erresuma Batutik (86), Indiatik (63) eta Espainiar Estatutik (63) heldu dira besteak.

Debako 18 gizon eta emakumez osatutako Hautaketa Batzorde baten esku dago orain lehiaketako Sail Ofizialean parte hartuko duten aleen aukeraketa, eta beste hainbeste egin beharko dute ere Zuzendari Berriak EHU sailean arituko direnekin. Atal nagusirako hautatuak diren 10 proposamenek 500 euroko saria jasoko dute lehiaketan hautatuak izanagatik soilik, eta aukeratutako film labur guztiek jaso ahal izango dute sari ofizialik: Film Laburrik onena- garaikurrarekin saritutakoa- Gidoirik onena- garaikurrarekin saritutakoa- eta Ikuslearen Saria- diploma bat jasoko duena. Zuzendari Berriak sailari dagokionez, sari bakarra egongo da, 300 eurokoa, eta EHUk banatuko du.

Jaialdiaren inguruko informazio gehiago Animadeba festibalaren orrialdean.