Joan den astean film dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen Free solo ikusteko aukera izan nuen. Alex Honnold eskalatzailearen istorio zirraragarria kontatzen du filmak, eta gazte estatubatuarraren Yosemite parkean dagoen El Capitan pareta sokarik gabe eskalatzeko saiakeraren jarraipena egiten du.
Oso ondo eraikitako filma da: pertsonaia berezi eta interesgarri bat du, besaulkitik mugitu ezinik uzten zaituzten tentsio uneak ditu, baita maitasun istorio bat ere. Ikaragarri disfrutatu nuen filma ikusten, baina hasi bezain laister galdera bat eduki nuen buruan bueltaka: zenbateraino da hau erreala?
Zinema dokumentaleko irakasle batek sarritan errepikatzen zigun kamera bat jartzen duzun unetik, errrealitateak errealitate izateari uzten diola. Izan ere, zuk erabaki duzu kamera non jarri, zein objetiborekin, zein altura eta distantziatan, grabatzen noiz hasi eta amaitu… beraz, zure istorio propioa sortzen ari zara. Irakasle honen ustez, filmak fikzioa edo dokumentala sailetan banatzeak ez du inongo zentzurik, zinea fikzioa baita.
Errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da, baina Honnolden gorabeherak ikusten ari nintzen bitartean ezin nituen nire irakaslearen hitzak burutik kendu. Istorio borobilegia iruditu zitzaidan errealitatearen islada bat izateko; bere planteamendu, korapilo eta amaierarekin, maitasun trama paralelo bat eta tentsioan mantendu ninduten hainbat plot twistekin, gidoi klasiko baten puntu guztiak betetzen zituen.
Eta ez nintzen gogoeta hori egin zuen bakarra izan; filmaren zuzendaria eta Honnolden aspaldiko laguna den Jimmy Chinek filmaren une batean azaltzen du bere kezka: kameraren presentziak ez al du eskalatzailearen jokatzeko era aldatuko, haren “normaltasuna” eraldatu eta bakarrik egongo balitz egingo ez lukeen zerbait egitera behartuko? Zinemak indar hori baitu; fikzioa eta errealitatearen artean mugiarazten gaitu.