Fikzio, animazio eta sorkuntza dokumentalen promozioa bultzatuko ditu Zineuskadik

Fikziozko edo animaziozko film luzeak zein sorkuntzako dokumentalak sustatu eta promozioan laguntzeko deialdia iragarri du Zineuskadi elkarteak. Maiatzaren 3ra arte luzatuko da eskaera epea, eta 2018an EAEko areto komertzialetan estreinatutako filmak izango dira onuradunak.

2019ko ekitaldian estreinatutako fikzio, animazio zein sorkuntza lanen sustapena eta publizitaterako laguntzen oinarriak finkatzea da deialdiaren xedea, aurkeztutako lanen hedapena bultzatzea, oro har. Hala, EAEko lanak mugaz gaindiko bestelako merkatuetan lehiatzeko aukera izango dute, Erkidegoko nortasun kulturala nazioartean zabaltzeko.

Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean bizi diren pertsona pribatu independenteek parte hartu ahalko dute hautaketa prozesuan, baldin eta EAEn establezimendu iraunkor bat ezartzeko konpromiso irmoa hartuko badute. Lagunduko diren filmak Euskadiko areto komertzialetan 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean estreinatutakoak izan beharko dute, hirurogei minututik gorakoak eta zinema-aretoetan ustiatzeko propio eginak daudenak.

Zineuskadik iragarri du 150.000€ -ko aurrekontu-saila bideratuko dutela laguntzetarako, eta zenbateko oso horren %30a (45.000€, alegia) jatorrizko hizkuntza gisa euskara duten ekoizpenen artean banatzeko gordeko dutela. Lehiaketa bidez banatuko dira laguntzak, eta proiektu bakoitzak 35.000€ -ko babesa izango du gehienez.

Laguntza-eskaerak jasotzeko epea hilabetekoa izango da, maiatzaren 3ra arte. Ondoren, Balorazio Batzordeak jasotako eskaera guztiak aztertu, eta segidan aipatuko ditugun irizpide eta baremoen arabera baloratuko ditu: Genero ikuspegia txertatzea, jatorrizko bertsioa euskaraz egitea, sustapen eta publizitate lanetan aurretik egindako ahalegina, proiektuak bere gain hartzen dituen giza baliabide zein enpresa-bitartekoak…

Ebazpenari dagokionez, Zineuskadi  elkartearen webgunean argitaratuko dute publikoak hautatutako proiektuak zein diren ezagutu ditzan. Eskatzaileek, bere partetik, posta elektronikoaren bidez izango dute haren berri.

Eskura daude deialdiaren oinarriak eta izen-emate eranskina.