“Filmak ikusteko ez ezik, horien inguruan pentsatzeko denbora ere eskaini behar da”. Horixe du premisa nagusitzat Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak, Josemi Beltran arduradun nagusiak azaldu digunez.

Adin nagusitasunetik gertu dagoen jaialdiak hamazazpigarren aldia izango du aurtengoa, eta aurkeztu duten egitarauak berretsi egin du giza eskubideen defentsa eta gogoetaren alde, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzeko  Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak elkarlanean urtero egiten duten ahalegina.

Apirilaren 5etik 12ra egingo dute eta besteak beste, 32 nazionalitateko 68 film proiektatuko dira bertan, 34 luze eta 34 film labur. Jatorria bezain anitzak izango dira horien guztiek gaiak: emakumeen borroka, feminismoa, ahalduntzea, langile borroka, migratzaileak, harrera sareak, herrialde zapalduak, apartheida… Hemeretzi filmek osatuko dute Sail Ofiziala, eta urtero bezala, solasaldi bereziekin osatuko dute horietako askoren emanaldia. Horietatik lau dira euskal filmak: Fernando Bernuesen Soinujolearen semea, Juanmi Gutierrezen Paseko txoriak, Eneko Olasagastiren Hilos de sororidad, eta Fernando Veraren Behind India.

Beltran zuzendariarekin bildu gara, eta edizio honen inguruko xehetasunak ez ezik, ekimenaren bilakaera eta helburuak ere azaldu dizkigu.