Fred Dekker gidoilari eta zinema zuzendari estatubatuarrak jasoko du Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25.edizioko bigarren ohorezko saria. Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, maiatzaren 3an, banatuko diote Fantastikoaren Izarra.

Inoiz baino bereziagoa izango da 2019ko FANT – Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdia. ‘Ezusteko asko’ eta ekitaldi berezi andana iragarri dituzte antolatzaileek zilarrezko ezteiak ospatuko dituen jaialdiaren edizio berrirako, gutxika, ekitaldia hurbildu ahala, aletzen ari direnak. J.A. Bayona zuzendaria izan zen iragarri zuten lehen sariduna, eta berriki jakin dugu Fred Dekker amerikarra izango dela bigarrena.

Fred Dekker San Franciscoko badiaren inguruan jaio eta hazi zen, eta bertan 8 mm-ko filmak filmatzen hasi zen 12 urte zituela. UCLAn graduatu ostean, House, una casa alucinante (1986) komedia ezagunerako istorioarekin hasi zuen bere lan ibilbidea. El terror llama a su puerta (1986) izan zen zuzendu zuen lehenengo film luzea, eta, ondoren, umetan hainbeste miretsitako Universal etxeko munstroen filmei eskainitako omenaldiarekin jarraitu zuen: Una pandilla alucinante (1987), kasu.

1991n, Denzel Washington protagonista izan zuen Ricochet thrillerrerako eta akziozko Agente juvenil komediarako jatorrizko gidoiak idatzi zituen, azken hori Richard Griecorekin batera. 1989-1996 bitartean, HBO kateko Historias de la cripta saileko zenbait saio idatzi eta atondu zituen, eta RoboCop 3 (1993) zuzendu zuen ere, Frank Miller komikigile laudatuarekin elkarlanean idatzitakoa. 2001ean Star Trek: Enterprise telesaioaren ekoizpen kontsultore izan zen, eta urte batzuk beranduago Shane Blackek zuzendutako Predator (2018) lanaren idazleetako bat ere.

Fred Dekkerren lanak Drakula Kondearen Sozietatearen, Saturno Sarien, Rondo Sarien eta Bruselako Zientzia Fikziozko eta Fantasiazko Zinearen Nazioarteko Jaialdiaren aitortzak jaso ditu lehenago, eta 2016an, odoleztatutako motozerra baten itxura duen Bruce Campbell zinema jaialdiko Groovy As Hell sariaren lehen irabazlea izan zen.

Zuzendariak Bilboko zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du ohorezko saria, maiatzaren 3an, 20:00etatik aurrera Campos Antzokian.