Unibertsitateko ikasleen lanak zabalduko ditu EZAEk

Unibertsitateko ikasleen animazio lanak zabaltzeko kolaborazio hitzarmena sinatu dute EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak eta Ameriketako DIGIPEN unibertsitatearen Bilboko egoitzak. Hala, ikasleek eginiko lanak proiektatuko dituzte aurrerantzean EZAEren bazkide diren aretoetan.
DigiPen Europe Bilbao-ko zuzendari den Ignacio de Otalorak eta EZAEko lehendakari Alfonso Benegasek sinatu zuten joan den astean kolaborazio hitzarmena. Etekina aldebikoa izango da: batetik, euskal eragileen aldeko apustua egingo dutelako, eta zinema-aretoak zinemaz gozatzeko toki ezin hobea direla defendatu; eta, bestetik, ikasgeletan sortzen ari den talentua zabaltzeak, Euskal Herriko zein nazioarteko ikasleak garatzen ari direna, bultzada ekarriko duelako haien hastapen bideetan.

Akordioan sinatutakoaren arabera, zinema-aretoen elkarteak kultura zinematografikoa indartzeko hainbat helburu eta betebehar hartuko ditu bere gain: sustapena, komunikazioa edota hedapenaren lanketa, edota zinemaren hedapenerako erabiliko diren espazioen dinamizazio eta mantenu lanak egitea ere bai.

Hala, aste honetatik aurrera, ikasleen animazio generoko film laburrak proiektatuko dira EZAEren bazkide diren aretoetan, film luzeen emanaldien aurretik. DigiPen arduratu da erakutsiko diren lanak hautatzeaz, eta horietariko asko nazioarte mailan sarituak izan direla aurreratu dute. Zinema-aretoen elkartearen esku egongo da zein saiotan proiektatzearen erabakia.