Martxan da GAZTEZULOren bideo lehiaketa

Istorioak sortzea maite duzu? Trebea zara bideogintzan? Hemen da urtero GAZTEZULO aldizkariak antolatzen duen bideo lehiaketa! Atera nagiak, eta hasi errodatzen!

Hamasei urtetik gorakoa bazara, eta istorioak irudi bidez kontatzea gustuko baduzu, ez galdu zure talentua erakusteko parada: bueltan da GAZTEZULOren X. Bideo Lehiaketa. Datorren astelehenetik, apirilaren 8tik, maiatzaren 24ra izango duzu lanak aurkezteko aukera.

Nahi duzuna kontatu dezakezu, bakarka zein taldean, edozein gairen inguruan, nahi duzun teknika eta estiloa erabilita, minutu bat eta hiru artean… hori bai, eduki originala beharko du izan, lehenago argitaratu gabea. GAZTEZULO aldizkariaren ale bat azaldu beharko da bertan, zeharka zein istorioaren elementu garrantzitsu gisara eta, hizkuntz edukiren bat izatekotan, euskarazkoa izan beharko da.

Parte hartzaileek aldizkariaren atarian dagoen online inprimakia beharko dute lehenik, eta bideoaren artxiboa bidali beharko dute ondoren (tori.eus edo wetransfer.com onlineko bidalketa-sistema baten bidez). Jasotako lanok Gaztezuloren YouTubeko kanalera igoko dituzte, eta maiatzaren 31ra bitarte egongo dira ikusgai ikus-entzuleen bozak jaso ditzaten.

Orotara, hiru izango dira banatuko dituzten sariak: lehen saria, 1.200 eurokoa, lan onenari; bigarren saria, 300 euro, txapeldunordeari; eta ikusleen saria, GAZTEZULOren material sorta, boto eta iruzkin gehien jaso dituen filmari. Hiru profesionalek osatutako epaimahai batek ikusi eta baloratuko ditu lanak, horien kalitate teknikoa, originaltasuna eta sormenari erreparatuta betiere. 2019ko edizioan, Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño aktoreak, eta Maider Oleaga zinemagileak osatuko dute aditu talde hori.

Nola parte hartu?

  • GAZTEZULOen atariko ‘Bideo Lehiaketa’ atalean topatuko duzun formularioa bete (bideoaren izenburua, deskribapena, taldearen izena, taldekideen izen-abizenak, herria, kontaktua…).
  • Bideoa onlineko bidalketa-sistema baten bidez igorri, web@gaztezulo.eus
  • Jasotako bideoak GAZTEZULOren YouTubeko kanalera igo eta atarian bertan publikatzen joango dira. Beraz, zenbat eta lehenago bidali, orduan eta aukera gehiago ikusleen saria irabazteko!