Bikoizketarekin eta azpidatziekin lotutako aferak eztanda egin zuen beste behin iragan neguan. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideen erabakia izan zen eztabaidaren jatorria: urtarrilaren amaieran planto egin, eta Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programarako zein EiTBrentzako bikoizteari uko egingo zioten lan bolumena handitu eta baldintzak hobetu arte.

Gure bulegora gonbidatu ditugu Crujeiras eta Gamiz, bizi duten egoera zehatza azaltzera.

Aintzane Gamiz eta Aintzane Crujeiras bikoiztaileak dira, eta iragan udazkenaz geroztik Bieuse elkarteko kideak ere badira. Izan ere, EiTBk  euskarazko edukiak bikoizteko deialdi publikoaren ebazpena kaleratu zuen orduan: lehiaketa irabazi zuen enpresak prezioak bota zituen, eta ondorioz, bikoiztaileen lan baldintzak kinka larrian geratu ziren, soldata %12 murriztuta (azken hamar urteetan jaitsiera %35ekoa izan da).

Horregatik eratu zuten Bieuse elkartea. 30 bat bikoiztaile bildu dira bertan, eta greba egiteko eskubiderik gabe (haien lan kontratuak direla-eta), EiTBren aurrean planto egin dute. Bada, gure bulegora gonbidatu ditugu bizi duten egoera zehatza azaltzera, eta konponbidea bilatzeko egin dituzten urratsak jakinarazi dizkigute. Baita denboran gehiegi luzatzen ari den auzi honen aurrean dituzten sentipenak ere.

“Guk lana galdu dugu. Ez dugu lanik, eta hori da panorama. Baina esperantza dugu egunen batean aukera izango dugula akordio bat sinatzeko, lanean ari diren eta lanean ez gaudenon egoera hobetzeko, eta lan baldintza duinak izateko”.