Aste Santuko etenaldia tarteko, aurkeztu dute apirilean eta maiatzean Donostiako Kresala Zineklubak programatuko dituen filmen zerrenda. Ohi bezala, saiook gonbidatu baten bisita jasoko dute, eta solasaldia egingo dute emanaldi bakoitzaren ostean.

Sasoi berria hastearekin batera egingo dute lehen hitzordua, apirilaren 1ean. Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarra izango da gonbidatu berezia, eta Lurralde Hotzak (2019) bere azken filmaren estreinaldia eskainiko du. Saioaren berezitasuna dela eta, ohiko kokapenetik urrundu egingo dira zinemazaleak, eta Tabakalera eraikinean egingo dute ekitaldia, arratsaldeko 20:00etan.

Filma, bidaia geografikoaz harago, irudien bidez eraikitako bidaia da: emakume baten mamu eta barrenetatik abiatzen den bidaia pertsonala, begiratzeko modu bat. Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, hots, lurralde hotzetan, lehenago Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Ruth Hillarp edo Win Wenders zinemagileen istorioetan ezagutuko ditugun paisaietara itzuliko da zuzendaria, bere lorratzak poema bilakatuz.

Astebeteko atsedena eta gero, apirilaren 15ean berreskuratuko dute denboraldi berriaren martxa. Mikel Gurpegi Diario Vasco egunkariko kazetari eta kritikaria izango da eguneko gonbidatu berezia, eta Indiscreet (1958) lana aurkeztuko du.

Aktore famatu batek gizon dotore eta aberats bat ezagutuko du, eta berehalako erakarpena sortuko da haien artean. Gizonak ezkonduta dagoela aitortuko dio, baina maitasunaren izenean lotura guztiak hausteko prest dagoela.  Bere emaztea, ordea,  ez dago dibortzioa sinatzeko prest.

Hilaren 29an egingo dute hurrengoa, eta Malgorzata Szumowska poloniarraren Mug (2018) izango da ikusgai: Herriko ardi beltza da Jacek protagonista. Eguneroko meza lege duen herrixka poloniar batek biztanlea da, baina errebelde janzkera darabil eta Metallicarenak dira bere belarriek onartzen dituzten doinu bakarrak. Patuak eta ezbeharrak, hainbeste arbuiatzen duen jainkoaren borondatearekin nahasiko dute gaztearen etorkizuna.

Eta, ondoren, maiatza
Apirila baino osatuagoa helduko da maiatza, eta saio biribil bat atondu dute aste bakoitzerako. Tarde para morir joven (2018) izango da lehenengoa, hilaren 6an. 1990ko Txilen kokatuko gaitu, demokrazia berreskuratuko duten garaian. Sofia, Clara eta Lucas izango dira protagonistak, eta nerabe garaiko maitasun eta beldurrak ezagutuko ditugu haien talaiatik.

Lur Olaizola Tabakalerako ikus-entzunezko programaren arduraduna izango da eguneko gonbidatua, eta haren hausnarketak partekatuko ditu saiora bertaratzen direnekin.

Izaskun Arandia izango da hilabeteko bigarren gonbidatua, eta Ray & Liz (2018) filma aurkeztuko du maiatzaren 13an, Richard Billingha zuzendariaren oroitzapenetatik eraikitako kontakizuna. Birminghamko aldirietan eta gizartearen mugetan, Billingham familiak muturreko errituak burutzen ditu, tabuak hautsiz, haien kontroletik kanpo dauden faktoreek mugatutako bizitza batean.

Arte adierazpenari eskainitako omenaldi bat izango da maiatzaren 20ko saioa. Izan ere, Julian Rosefeldt zuzendariaren Manifesto (2015) izango da ikusgai, Déborah García historialari eta kritikariak aurkeztuta. Cate Blanchett da filmeko protagonista, eta, pertsonaia zirraragarriak eta bakarrizketa indartsuak erabiliaz, artea eta tradizioaren edertasuna goraipatuko du.

Garaian atzera egingo dute sasoiaren azken emanaldirako. 1953 urtekoa da, hain zuzen, maiatzaren 27an ikusgai izango den filma: Kenji Mizoguchiren japoniarraren Ugetsu Monogatari. XVI. mendeko Japoniara gerturatuko gaitu filmak, herrialdeko Gerra Zibila gorenean zegoen garaira. Genguro eta Tobei dira protagonistak, eta biek dirua pilatzea izango dute amets.