Kynodontas, edo Dogtooth edo Canino… hamaika izenburu aukeran, eta bat bera ere ez egokia pelikula izendatzeko. Hori da hori paradoxa, nire lehenengo artikuluaren hasiera, nire lehenengo hitzak eta zein titulu jarriko diodan jakin ez. Agian horrelaxe behar du, ‘titulurik gabeko nire lehenengo iritzi-artikulu’, luze samarra titulu erakargarria izateko. Edo agian nik asma nezake tituluren bat pelikularentzat. Ez baitakit zuek zein izenez ezagutuko duzuen pelikula, Kynodontas, edo Dogtooth edo Canino, batek daki. “Surrealista dirudi artikulu honek”, pentsatuko duzue batzuk, ongi ari naiz beraz, aldarte egokienean baikaude pelikula aztertzeko. Ez baitago beste modurik film honen barrenera iritsi eta harekin tripakiak egiteko. Surrealismo hutsetik soilik. Ongi etorri beraz, Kynodontas, edo Dogtooth edo Canino edo titulurik gabeko nire lehenengo iritzi-artikulura.
Pelikularen testuinguruari buruz hitz egin genezake eta hark ekarri zuen aldaketaz; jakinda gainera, bere garaian ezaguna izan zela pelikula ez komertzialen munduan, (Cannesen piztu zituen lehenengo suteak; aurretik inoiz ikusi zen film horietako zela oihukatzen zuten haren zale bihurtu zirenek). Iritzi-artikulu honen helburua, ordea, filmaren zinematografiari buruz hipotesiak jaurtitzea da, zuzendariak erakutsitako irudiei buruz hitz egitea, zinea bera azterketaren bihotza bihurtzea. Bere kontatzeko moduan eta kontatzen duen horretan bakarra baita, aldaezina. Beti gustatu izan zaizkit horrelako filmak, eginda dauden moduak, forma berak, kontatu nahi den hori adierazteko modu onena dela sinesten dutenak. Mintzo diren irudiak, zinematografia propioa garatzen saiatzen diren pelikula horiek. Ez nazazue formalistatzat hartu, zine ikasle naizen heinean, errekurtso berri eta arraroez filmak hornitzen dituzten zinegileak maite ditut. Izan ere, Kynodontas, edo Dogtooth edo Canino pelikula horietako bat da. Sinopsiari erreparatuz gero, ez duzu susmo izpirik filmak erakutsiko dizunaren inguruan. Kanpoaldean etxe bakarti batean bizi den familia baten gorabeherei buruz mintzo omen da, arraro samarra da familia, bertan katua da munduko animalia hiltzaileena eta Frank Sinatra da haien aitona. Bi pista horiek ez dira, urrutitik ere, hurbiltzen zinemagile greziarrak Kynodontas, edo Dogtooth edo Canino filmean sortutako unibertsoa deskribatzera.
Hasiera hasieratik pelikulak bere oinarriak argi eta garbi azaltzen ditu, izan ere, lehenengo eszenak familiako hiru seme-alabak hainbat hitzen esanahia ikasten ari direla erakusten du. Azkar asko ohartzen gara, ordea, zerbaitek ez duela bat egiten gure egunerokotasunarekin. Itsaso hitzak sofa esan nahi omen du etxe horretan, autopista haize indartsua da eta zonbiak lore hori ederrak dira, hori da hori panorama, artikuluko hasiera baino xelebreagoa, ezta? Hortik aurrera Yorgos Lanthimos zuzendariak familia honen egunerokoa erakusten digu. Seme-alabak ezin dira etxetik atera, lurra ukituz gero hil daitezkelako, ongi portatzen direnean hainbat pegatina jasotzen dituzte eta gehien jasotzen dituenak gaueko jarduera aukeratzen du. Guztia da arraroa etxe horretan, egia esateko, ikaragarria da zer nolako trebetasunez eta bikaintasunez dagoen sortuta etxe makabro horretako giroa. Greziarrak zentzugabekeria egunerokotasuneko elementu txikienera eramateko gaitasuna du, guztia absurdo bihurtuz.
Zinean inoiz bezala, patetismoaren goraipatzea dakar pelikulak. Nolabait, ematen du zinemagileak esan nahi digula gaur egun ezagutzen dugun familiaren antolaketa sozialaren atzean, zentzugabekeria besterik ez dagoela. Eta, akaso, adierazi nahi digu ere, totalitarismoek (aitaren papera familian) soilik buruhauste zoroetara eramaten gaituztela. Hori da zinegilearen lorpen ikaragarriena, gure gertuko errealitatearen marrazki ero eta absurdoa egitea, baina marrazki horretako xehetasun nimiñoena ere kontuan hartuta, soilik orduan baita indartsua filma, edozeinen gertuko egunerokotasuna surrealista dela konturatzera eramaten zaituenean.
Arestian aipatu bezala, ezinezkoa da pelikula honen azterketatik grabatzeko modua alde batera lagatzea. Egia bada zinegilearen apustu indartsuena gidoitik eta unibertso txiki horren sorkuntza konplexutik datorrela, ezinezkoa zaigu Yorgos Lanthimosek planteatutako eszenaratzea eta lengoaia zinematografikoak duten garrantzia kontuan ez hartzea. Izan ere, azken horiek lortzen dute greziarraren planteamenduei ikaragarrizko indarra eta sakontasuna ematea, erakutsitako irudiek ikuslearen arima harrapatzera iristeraino. Irudia modu bikainenean mintzo da eguneroko absurdu horri buruz.
Argi eta garbi ikusten da greziarrak ongi pentsatutako erabakiak hartu dituela, uneoro, muturreko giro arraroa eta bitxia sortzen duten irudiak ditugu pantailan, ez bakarrik pertsonaiek esaten dituzten erokeriengatik, baizik eta, zinegileak erabiltzen dituen baliabide zinematografikoengatik ere. Ondorioz, ikusten dugun irudia ez da ohikoa, ez konposaketan, ez testuran, etab. Hortik aurrera planteatutako irudi bakoitzak ideia horri helduko dio eta pelikulako tesiarekin bat egingo du; etxe horretan pertsonaiak ez dira arraroak eta xelebreak diren bakarrak, ikusten ari garen irudi hori bera ere horrelakoxea da, greziarrak plano nagusiz betetzen du bere pelikula, gehienetan irudi finkoak dira gainera, nolabait familia mugikortasun eza horretan biziko balitz bezalaxe, etxe geldo horretan harrapatuta, arau zorrotz horien menpe. Gainera irudi horiek angeluhandiko optikaz josita daude, eta askotan konposizio zuzenak apurtzen ditu, horiek askotan hondoak deformatu eta gorputzak eta aurpegiak mozten dituzte. Muntaia aztertuz gero, denbora-zinematografiko konbentzionalaren gehiegizko luzatzearen erabilera behin eta berriz present dagoela konturatzen gara, pertsonaien mugimenduak eta ekintzak, beste behin dimentsio surrealistara eramanez. Ezaugarri horiek guztiak, lehen esan bezala, Yorgos Lanthimosek irudiarekin adierazi nahi duenari guztiz fidel dira, zinearen lengoaiak emandako aukerak azkeneraino ustiatuz. Gainera, aurrerago garatuko duen estilo edo lengoaia zinematografikoaren oinarriak erakusten eta adierazten ditu. Hori da zinearekin guztiz bat egitea.
Ondorioz esan dezakegu Kynodontas, edo Dogtooth edo Canino ez dela soilik gure egunerokotasunaren eta familiaren sorkuntza sozialaren zentzugabekeriari buruzko erradiografia itzela, aurrerago garatzen jarraituko duen surrealismoaren lengoaia zinematografikoaren oinarria ezartzeko lehenengo filma ere bada. Azterketa sakona izan daiteke, bai, baina, oraindik artikuluak titulurik izan gabe jarraitzen du, eta hori onartezina da, nire lehenengo iritzi artikulua dela kontuan izanda. Uste dut zuzendaria ez dela haserretuko nik euskal titulu bat proposatzen badut filmarentzat, oraindik eta arraroago bihurtuko duena. Pelikula nolakoa den ikusita, gustatuko litzaioke, ezta? Nik hemendik proposamena helarazten diot munduari. Prest? Hortxe doa ba… ARRASTORIK EZ! Ez duzue gustuko? Ikus ezazue bada pelikula eta proposatu titulu hobeago bat!!
Artikulu oso interesgarria. Filme honek sortzen dituen sentimentuak izugarri gogorrak dira. Bai historiagatik eta baita ,esan duzun bezala, plano geldo eta absurdo horiengatik. Zuzendariaren esanetan, bere inspirazioa bere lagunen artean zeuden gurasoak izan ziren eta guraso hauek beraien umeak gehiegi babesten zituztela konturatu zenean, galdera hau egin zion bere buruari: zer gertatuko zen umeen babesa muturreraino eramango bazen? Hortik sortu zen pelikula honen ideia.
Bikain esanda! Ez nekien ideia bertatik atera zuela, batzuetan urrutiko mundua erakusten ari zaigula dirudi baina uste duguna baino askoz gertuago dago askotan. Eskerrik asko! Hala ere, zure titulo proposamena jakin nahi nuke, artikulu irekia da eta titulurok gabe jarraitzen du!!