Minuturo, 300 ordu eduki igotzen da Youtubera.  Eta hori, Youtuben bakarrik, beste UGC (User Generated Content) plataformak kontuan hartu gabe, TikTok berria edo Instagram zaharra esate baterako. Honelako kopuru handien esanahia irudikatzea zaila denez, erabil dezagun konparazio bat: eman dezagun haurtxo bat jaiotzen den unean bertan, Youtubeko autoplay botoiari ematen diogula, bere bizitzako etengabeko irudi eta soinu banda bilakatuz. 100 bizitza oso beharko lituzke haurtxo horrek, gaur egun Youtuben dagoen materiala ikusteko, behin ere, eduki bat bera ere errepikatu gabe.

Hainbeste edukirekin, bideo asko ikuslerik gabe gelditzen da. Youtubeko atzeko aldeko biltegian betiko ahaztuak gelditzen diren piezak dira. Baina zero ikusledun bideo horiek motibazio bat zuten atzean; norbaiten motibazioa, denbora eta lana. Norbanako anonimoen desiren irudikapenak ziren azken batean. Zentzu horretan, bideo ahaztu horiek guztiek oinarrizko balio emozional-estetikoa dutela esan daiteke. Eta horregatik, bigarren aukera izan behar lukete. Nola? Birziklatuz… Collage zinemaren teoriak berreskuratuz hain zuzen ere.

Collage zinema tradizio handiko sormen eta ekoizpen teknika da, found footage kontzeptuan oinarritzen dena. Bere lehen adibidea 1924. urtean aurki dezakegu eta egiturazko muntaketa eta erakarpenezko edizioa erabiltzen ditu diskurtso narratiboa eratzeko. Hitz gutxitan, Eisenstein-en eta Vertov-en teoriak aplikatzen ditu alde batetik, eta surrealismoaren logikak bere egiten ditu bestaldetik. Beraz, Collage Zinemak artxibo-irudiak nahasten ditu istorio berriak kontatzeko. Gidoian eta edizioan oinarritzen den zinema da, irudirik grabatu gabe.

Lehen found footage hori mugatua zen. Gaur egun ordea, mugagabea. Estatistikoki gidoiak eskatzen dituen elementu guztiak aurki daitezke Youtubeko atzeko aldeko biltegi horretan. Bilaketan esfortzua jartzea besterik ez da, eta metodologia aproposa erabiltzea noski. Baina zinema egiteko modu errazena da, dudarik gabe, produkzioaren ikuspuntutik. Azken finean, Adrian Bunel-ek, Collage Zinemaren sortzaileetako batek, “ultra cheap flms” eta “ultra-rapid films” ezizenak ipini zizkion ikus-entzunezko kontaketa-modu honi.