Joana Duhalde (Kanaldude): “Mugaz gaindiko koprodukzioak sustatu nahi ditugu”

“Kanalduderen produkzioa igo egin da hitzarmena sinatu dugunetik. Pentsatzen dut kalitatean ere nabaria izango zela hazkunde hori, eta langile gehiago ekartzea permititu digu”.  Joana Duhalderekin egin dugu hitzordua, Kanaldude Telebistak abian duen 2019ko laguntza deialdi bikoitzaren inguruan gehiago jakiteko.

Bidarrai inguruko hedabideetan euskararen presentzia garatzeko asmoa zuen, eta etxetik hurbil ikus-entzunezko lanpostu bila ari zen gazte militante talde batek landatu zituen egun Kanaldude Telebista proiektua bilakatu denaren haziak. Herritarrekin elkarlanean aritu dira urte luzez, telebistan landutako subjektu aktibo ez ezik, proiektuaren parte ere badirelako: “Telebista bat herrialde bateko tresna da, bertako herritarren artean lotura egiteko eta lana emateko” azaldu zigun Ximun Karrere zuzendariak orain bi urte.

Akitania Berriak telebista zerbitzu publikoa eskaintzeko deialdia zabaldu zuen 2017an, eta kontratua izenpetu zuen lau telebisten artean Bidarrain (Nafarroa Behera) egoitza duen Kanaldude herri telebista dago. Hala, 2018-2020 aldirako, urtean 243.000 euro jasotzen ari dira zerbitzu publikoa eskaini, ikus-entzunezkoan euskararen presentzia bermatu eta tokiko ekoizpena sustatzeko.

Indarra eta oinarri sendoa eraikitzeko aukeraz gainera, hainbat hobekuntza eta egokitzapen egiteko abagunea eskaini die laguntza horrek. Esaterako, proiektuen ekoizpena bultzatzea. 2018an egin zuten lehenengo saiakera, eta dagoeneko abian da 2019ko deialdia. Laguntza bikoitza emango dute aurten, eta martxoaren 30era arte izango da zabalik eskaerak egiteko tartea. Helburuak: mugaz gaindiko sorkuntza-dokumental baten koprodukzioa sustatzea, eta euskaraz idatzitako proiektu bat bultzatzea izango dira.