Hiriburu handia hartuko du datorren astean Mendi TourrekBilbao Mendi Film Festivaleko pelikula onenak biltzen dituen mostra ibiltariak. Iruñean atondu dituzte emanaldiak, Golem Baiona aretoan, martxoaren 25etik 28ra.

Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan dira 2018ko edizioak jaso dituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabalduko ditu Mendi Tourrek. Modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatuko diete film espezializatuak ikusteko aukera.

Golem Baiona aretoan ospatuko da Mendi Tourra, eguneko bina saio eginaz. Antolatzaileek zabaldu dutenaren arabera, 2000 ikusletik gora bildu ziren aurreko edizioetan, eta horrek hauspotuta jarri dute aurtengoa indarrean. Golem plataforma digitalean egongo dira sarrerak eskuragarri, eta baita aretoko leihatilan ere. Sei euroko prezioa izango du bakoitzak, baina lau egunetarako abonua erosteko aukera izango da ere, 20 euroan.

Lau egunetan egingo dituzte saioak, martxoaren 25ean, 26an, 27an eta 28an, eta zortzi film proiektatuko dituzte orotara:

The Dawn Wall
2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskalaezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten.
Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada huts bat baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Dedikazioaren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere kide Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte.

The Search for the Wooo
Wooo fikziozko sinbolizazio bat da, eremu berrietan esploratzeak eragiten duen zirrara eta dibertsioaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Film labur originala, dibertigarria eta psikodelikoa,  Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko dela.

This Mountain Life
Martina eta bere ama Tania, 60 urtekoa, sei hilabeteko eski-zeharkaldi batean menturatuko dira, Kanadako mendebaldeko kostaldeko mendi arriskutsuetan barna. Paraje harrigarriez gain, beren abenturan itzal handiko pertsona liluragarriekin egingo dute topo.

The Weight of Water
Itsua izan arren, Erik Weihenmayerrek beti aurre egin nahi izan die bere beldurrei. Kasu honetan, itota hiltzeak sortzen dion izuari. Hori dela eta, kayak bat hartu eta AEBetako Grand Canyon edo Arroila Handia zeharkatzea erabakiko du, erronka honetan lagun izango dituen beste taldekide batzuekin.

Everest Green
Everest mendian, abenturaz harago, errealitate ekologiko eta gizatiar tragikoa ezkutatzen da. Hondamendia tontorrean bertan hasten da, itsasoaren gainetik 8.848 metroko altueran, eta Katmanduko zabortegi irekietaraino iristen da. Ez alferrik, planetako hiririk kutsatuenetako bat da Nepalekoa. Non datza alpinismoaren eta turismoaren arteko aldea? Zer ondorio ditu egoera horrek?

Up to Speed
2020ko Jokoetan eskalada kirol olinpiarra izango da, mugarri garrantzitsua kirol honetarako. Alabaina, ezustea izan zen jakitea domina lortzeko modalitate konbinatuetako bat Abiadura izango dela. Diziplina honek sekulako debozioa du Asian. 15 metroko horma bat sei segundo baino gutxiagoan eskalatzeko gai dira Abiaduraren deabruak.

Viacruxis
Stop-motion teknikaz maisuki egindako film laburra. Marcel eta Andrezj dira protagonistak, bi eskalatzaile handi. Marcelek bere gain hartu du liderraren rola eta ospea, eta Andrezjek, aldiz, nahiago du itzalean egon; gaua eta eguna bezain desberdinak izan arren, talde bikaina osatzen dute. Oraingo honetan, erronkarik gogorrenari aurre egingo diote: mendirik garaienean inork aurrez igo gabeko gailurra eskalatzeari. Horretarako, ordea, oztopo handiak gainditu beharko dituzte, gorriak eta bi ikusi, eta, batez ere, batak bestea jasan.

Age of Ondra
2017an, 9c zailtasuneko Silence bidea eskalatu zuen Norvegian Adam Ondrak. Gradu horretako lehena eta, oraingoz, bakarra munduan. Hura egin ostetik, bere urratsei jarraituko diegu Txekiar Errepublikako etxetik hasita eta Europan eta Ipar Amerikan barna: nola ari den entrenatzeko metodo berritzaileak sortzen eta baliatzen, punta-puntako zer bide eta eskalada burutu dituen, edota 9a+ bat flashean, lehen saiakeran, eskalatzeko lehena izan nahi horretan zer ahalegin egiten ari den. Hortaz, eskaladan giza ahalmena noraino irits daitekeen esploratzen ari da.