Estreinaldiak: Martxoak 22

Margolaria

Artea, kultura… hein batean sorkuntza izango du ardatz Margolaria filmak. Sorkuntza-prozesua bera, eta bertan parte hartzen duen profesional taldearen bizipenak. Mikel Urdangarin musikaria da protagonista, baina abeslari zornotzarra bidea besterik ez da edozein sortzailek buruan dituen gai unibertsalak jorratzeko: sortzetik bizitzearen erabakia, bokazioa, sorkuntzaren prozesua, porrota, bakardadea edo ospea.

Zuri-beltzaren aldeko hautua egin dute filma filmatzerako unean, apustu estetikoa. Alain Urrutia margolariari egindako keinua da erabaki hori. Dokumentaleko protagonista nagusietako bat da Urrutia, kontakizunak Mikelek egiten dion bisita bat jasotzen duelako.

Doluak, jaiotzak margotu ditu Aranzabalek. Artista hurbilduko die haren jarraitzaile direnei, zein datozen egunetan Euskal Herriko aretoak beteko dituzten ikusleei. Adi, Hego zein Ipar Euskal Herrian izango baita ikusgai!

Bel Canto

Mundu mailan ezaguna den opera abeslari batek (Julianne Moore) enpresa gizon Japoniar aberats baten (Ken Watanabe) gonbita jasoko du, beste hainbat artistekin batera, hari eskainitako emanaldi pribatu batean parte hartzeko. Hasieran erakargarri zirudien lan eskari hori gaiztotu egingo da berehala, gaizkile talde batek artista multzoa bahituko baitu.

Ann Patchett idazleak sinaturiko izen bereko eleberrian oinarritu du filma Paul Weitz zuzendariak. Emaitza txukuna bada ere, nekez lortuko du liburuan gozatu daitezkeen ñabardurak pantaila handian islatzea. Eskerrak, orduan, aktoreen lan bikainari.

Dolor y gloria

Adi, mitozaleak! Heldu da, azkenean, Almodovarren azkena. Bere lanetan ohikoak diren aurpegiak bildu ditu (Penelope Cruz, Raul Arevalo, Antonio Banderas…), aktore berri batzuengana jo du (Leonardo Sbaraglia, Rosalia…), guztien interpretazioak nahasi, irauli eta Dolor y Gloria sukaldatu du. Mito zahar baten bizitzari begirada bat, oroitzapen, elkarrizketa eta elkartze desberdinen bitartez jositako istorio bat. Salvador Malloren gainbehera fisiko zein profesionala.

Almodovarren estiloa gustatu edo ez, ezin ukatu sortzailearen lan finduena aurkituko dugula pantaila handian. Madrildarrak hainbestetan aipaturiko heldutasun profesionala lortu du azkenean, aintzatespena iritsi baina hamarkada batzuk beranduago.

Us

Orain bi urteko arrakasta (Get out, 2017) berrestera heldu da berriz Jordan Peele zinemagilea, eta beldurra eta thrillerra nahasten dituen proposamen batekin errepikatuko du.

Jaioterrira itzuliko da Adelaide (Lupita Nyong’o), senarraz eta seme alabez lagunduta, oporraldi bat igaro asmoz. Hondartzan emandako egun luze baten ostean, ezusteko bitxi bezain beldurgarri batekin egingo dute topo etxeratzeko unean: haien pertsonak irudikatzen dituzten silueta batzuk edukiko dituzte atarian zain, beren bertsio galgarriena.

Vosotros sois mi película

Gaur egungo media errealitatearen adibidea digu filma. Youtuber delako baten esperimentuan oinarritutako kontakizuna. Ismael Pregok, Wismichu izenez ezaguna den sareko eragileak, performance arriskatu bezain polemikoa aurkeztu zuen prentsaurrean 2018ko Sitgesko Zinema Jaialdiaren testuinguruan: eszena berdina errepikatu zuen, behin eta berriro, ordu eta erdiko iraupeneko ikus-entzunezko batean.

Vosotros sois mi película izenburua darama bigarren proposamen honek, orain hilabete batzuk izandako ausardia horren arrazoiaren berri emango digun bideo-azalpenak.