Bertha Gaztelumendi saritu dute Kopenhagen

Bertha Gaztelumendi zuzendariaren Volar (2017) saritu dute Annual Copenhagen Film Festival jaialdian, Atzerriko Dokumentalik Onenaren aitortzarekin. Libanoko Beirut International Women Film Festival zinemaldian parte hartzen ari zela jaso zuen berria zinemagileak.

Bertha Gaztelumendi saritua, 2012ko Donostia Zinemaldian. (Argazkia: Donostia Zinemaldia)

Emakunderen babesarekin batera ekoitzitako proiektu honek indarkeria matxista jasan duten zazpi emakumeren testigantzak bildu ditu, elkarrekin igaro zuten aste buru batean jasotakoak. Annual Copenhagen Film Festivalera bidalitako mila filmen artean aukeratua izan zen, Atzerriko Dokumentalik Onenaren saria eskuratzeko lehiarako, eta Beirut International Women Film Festivalean filma aurkezten ari zela izan zuen garaipenaren berri.

BWFF urtez urte ospatzen den zinemaldia da. Mundu osoko zinemagileak zein zinemazaleak biltzen ditu Beiruten, eta generoen berdintasuna, sexu askatasuna edo indarkeria matxista bezalako gaiak jorratzen dituzte bertatik igarotzen diren filmek. Hala, emakumeek egindako lanak, edota emakumezkoei buruzkoak dira bere baitan hartzen dituen lanak, eta bere ingurua aldatzearen alde duintasunez lan egiten duten profesional militante horien irudi positiboa sustatzea du xede.

Donostia Zinemaldiaren 65.edizioan estreinatu zutenetik, ibilbide geldiezina egin du filmak zirkuitu ez komertzialetik. Euskal Herri eta Espainiar Estatuan egindako emanaldi eta aurkezpen saioez ez ezik, hainbat jaialdi eta lehiaketetan parte hartu du ere: Directed by Women (Madril), MON·DOC Muestra Docu de Montaverner (Valentzia), Zinemaldia.cat (Bartzelona) edo Ponferradako Nazioarteko Zinema Jaialdian.