Euskal jatorriko bederatzi ekoizpenek hartuko dute parte 2019ko martxoaren 15etik hilaren 24ra bitarte ospatzen ari den Malagako Zinema Jaialdian. Sailei dagokionez, orotarikoa izango da parte hartze-hori, eta lehen aldiz, Basque Audiovisual ekimenak espazio propioa izango du industriari eskainitako village eremuan.

Zineuskadi, Etxepare Euskal Institutua eta Eiken Klusterraren babesari esker, inoizko handiena izaten ari da euskal zinemagintzaren indarra Malagako Nazioarteko Zinema Jaialdian. Arestian aipatu bezala, bederatzi film izango dira ikusgai mostrak bere gain hartzen dituen sail desberdinetan. Lehiaketako Sail Ofizialean ikusiko dugu, esaterako, Mikel Ruedak zuzenduriko El doble más quince. Baleukok ekoitzitako proiektu honek bizitzaren arlo oso desberdinetan sortzen diren galderei erantzungo die, eta hori irudikatzeko, bizitzan egin beharreko guztia egin duen emakume baten eta bizitza guztia aurretik duen nerabe baten istorioak nahasiko ditu.

Malagan gozatu ahalko duten beste estreinaldi bat izango da Dibulitoon etxearen Elkano, lehen mundu bira filmarena. Estreinaldi berezi gisa aurkeztuko dute Ángel Alonsok zuzendutako filma larunbatean, martxoaren 23an, eta inoiz gertatutako abentura handienetako baten kontakizuna ekarriko du irudietara: Juan Sebastian Elcano getariarrak burututako munduaren lehen itzuliarena.

Zonazine ataleko film luzeen artean aurkeztuko dute El increible finde menguante proiektua. Trepamuros ekoizpen etxeko Jon Mikel Caballerok zuzenduriko lan honek Albaren istorioa kontatuko du: 30 urte bete berritan, lagunekin landetxe batera asteburu pasa joateko asmoa du protagonistak. Bidaia abiatzearen ataritan, ordea, plana zapuztuko dion ezbeharra jasango du. Alba denbora kateatua geratuko da orduan, asteburuko gertakariak behin eta berriz errepikatzen hasiko direnean.

Bestalde, hiru euskal film labur emango dira ere hainbat sailetan: Film Labur Dokumentalen sail ofizialean, Maria Elorzaren Ancora Lucciole (Txintxua Films); Film Laburren Sail ofizialean, Norma Vilaren El fin de todas las cosas (Demeter Film); eta, azkenik, Animazine Sail Ofizialaren parte izango da Unikoko Khris Cembek zuzenduriko Soy una tumba.

Aurtengo edizioaren beste alderdi nabarmen bat da hiru euskal proiektu hautatu dituztela MAFIZek antolatutako Work in Progress jardunaldietarako: Iban del Camporen Glittering Misfits (Limbus Filmak), Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo (Basque Films) eta Miguel Angel Jimenezen Sumendia (Kinoskopik Film Production).

Txoko berezia industriako kideentzat

Proiektatuko diren filmez gain, jakinarazi dute ere Basque Audiovisual egitasmoak lehen aldiz espazio propio bat izango duela jaialdiak industriako eragileei eskainitako village eremuan.  Horri esker, 50 proiektu zinematografiko biltzen dituen katalogo bat banatuko da bertan, eta nazioarteko sektoreko profesionalek euskal zinemagintzara gerturatzeko leihatila izango dute ere.

Basque Audiovisualen bildumak jasoko dituen horietatik 22 garapen-fasean dauden proiektuak dira, 11 produkzio-faseren batean aurkitzen direnak, eta gainerako 17ak 2018an amaitu edo estreinatu direnak. Hala, 31 euskal ekoiztetxeren lanak jasoko dira bertan: Abraprod, Adabaki Komunikazioa, Amania Films, Area Ayudiovisual, Arena Comunicación, Arquetipo Comunicación, Basque Films, Blogmedia, Dibulitoon, Doxa Producciones, Dynamite Films, Emana Films, En Buen Sitio Producciones, Fase 3, Gariza Films, Gastibeltza, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kinoskopik, Lago&Laporta, Limbus Filmak, Lotura, Lumiere Produkzioak, Maluta Films, Marmoka Films, Pimpi&Nella, Salto de Eje, Sr&Sra Producciones, Taui Media eta Txintxua Films.