Gaur, martxoaren 20an, Bergaran abiatuko dute 2019ko Laburbira egitasmoa. Apirilaren 13ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu zirkuituak euskarazko 9 film labur eskaintzeko, guztiak euskaraz eta 2016 – 2018a bitartean egindakoak.

Laburbira zirkuitu ibiltariaren helburua euskaraz sortutako pieza ‘freskoak’ ezagutzera ematea eta euskaraz ekoizten jarrai dezaten bultzatzea da, horregatik, Euskaltzaleen Topaguneak deialdi zabala egin zuen beste urte batez, euskarazko film laburrak egiten dituen orok bere lanak aurkezteko aukera izan zezan.

2016a eta 2018a bitartean ekoitzitako 9 film laburrek osatuko dute zikloaren hamaseigarren edizioa: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, animaziozkoak, iraganeko kontakizunak, magia, umorea… izango da ikusgai, inoizko gaitegirik zabalenetarikoa. Sortzaile gazteen lanak dira gehienak, emakumezkoenak nagusi, eta badira ere esperientzia luzeko zuzendariek ekoitzitakoak. Denak uztartuta, ordubete inguruko emanaldia osatu du Topaguneak, “kalitatezkoa eta dibertigarria, euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko”:

–  Begi ninien koreografia , Arrate Fernandez Itsaso

Bideo Art honetan, maitasun istorio bizi bat kontatzen da, urratsez urrats. Musikatutako istorio hau pasioz hariklatzen da, bi pertsona hasieratik elkartzen diren unean sortutako txinpartatik, eta denboraren poderioz, garatzen doa pasio hori.

– Shel Phone, Miren Mujika

Mertxeren seme bakarrak pisu eroso eta moderno bat ipintzen dio amari, teknologia berriek amaren beharrei erantzungo dietelakotan. Mertxe domotikarekin gaizki moldatzen hasikoten da, baina semea jada ez.

– Ama, Josu Martinez

1915eko uda. Baxenabarreko Baigorri herriko auzo urrun batean, emakume bat gutun baten esperoan bizi da.

– Zapatak, Irati Murua

Animazio film labur honetan, bere amona Asunek gaztaroan bizitako gertaera bat irudikatzen saiatu da egilea. Hernanin gertatu zen, 50.hamarkadan, amona Asunek 16 urte zituela: misioetatik etxera bueltan zihoazen bost lagun, tren geralekuko bidetik barrena. Amona Asun eta Mari Karmen lehenak zihoazenm beste hirurak, berriz, atzean tebeoekin despistatuta.

– June, Arantza Ibarra

June 10 urtetako neskatila bakartia da. Bere osaba-izebarekin bizi da baserrian eta egunak pasatzen ditu bere kabuz, baserriko animaliekin jolasean edo bere irudimen bizia praktikan jarrita asmatzen dituen jokoetan. Bere lagunengana herrira joatea baino nahiago izaten du egunero kanpo- santura joatea. Bertan sekretu bat gordetzen du…

– Hotzean Garbitu, Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira

Bi ezezagun garbitegi batean aurkitzen dira. Hauen erlazioa garbigailuaren erritmoarekin parekatzen da. Hasieran, beraien arropa garbigailuan sartuko dute. Bata besteari hitzik esan ez arren, haien barne pentsamenduak aireratuko dituzte. Poliki-poliki behartua izan den elkarrizketa hori arintzen joango da, haien arteko desioa areagotuz.

– Erroak, Ane Zuazubiskar Iñarra

Duela urte batzuk bete zituen Maddik hogeita hamar. Erabakitzen ari dira ingurukoak, eta erabakitzeko gero eta denbora gutxiago uzten diote Maddiri. Eta hark ez du nahi, edo ez daki, edo ez du erabaki nahi.

– Handiak eta txikiak, Laida Ruiz

Neguko gau hotz batean, gure protagonista bere irudimenari esker mundu zoragarri batean murgiltzen da, bertan dauden arriskuei buruz ezer jakin gabe.

– Ilunpean, Lapatx Films

Badira hamabi begirekin ere aurkitu ezin dien gauzak. Ikusezinak. Norberak bakardadearen bilatu beharrekoak. Itsuen errealitatea begiekin antzeman daitekeena bezain erreala da.

Emanaldien egitaraua

Martxoaren 20tik apirilaren 13ra bitarte, giran ibiliko da Laburbira, “euskarazko zinemagintzaren dosi txiki eta freskoak” hurrengo  35 geltokietan zabalduz: Bergara, Ermua, Usurbil, Berriozar, Areeta, Sestao, Hernani, Algorta, Dima, Areatza, Orkoien, Valladolid, Azkoitia, Paris, Eraso, Gasteiz, Larraintzar, Biasteri, Zuia, Iruña, Ordizia, London, Maeztu, Arespalditza, Mutriku, Arrasate, Etxebarri, Azpeitia, Oñati, Irun, Igorre, Soraluze, Zumaia, Mungia eta Valentzia.

Ikusi emanaldi guzti horiek biltzen dituen egutegia, hemen.