Bartzelonako Euskal Etxeak euskal zinemari eskainitako Zinemaldia.cat jaialdiaren 14. ekitaldia antolatu du martxoaren 14tik 17ra. Maider Oleaga bilbotarraren Muga deitzen da Pausoa dokumentala izan da garaile, Azkue Fundazioak babestutako film onenaren sariarekin.

1979an sortu zutenetik, euskal kultura Katalunian ezagutarazi eta hedatzeko ardura izan du Bartzelonako Euskal Etxeak. Egitarauan jasotzen dituen ekintza guztien artean, indar berezia irabazi du Zinemaldia.cat jaialdiak azken urteetan. Izan ere, Catalunya Film Festivalaren baitan ospatzen den erakustaldi hau, Euskal Herriko mugetatik kanpo euskal zinemari eskaintzen zaion mostrarik handiena da egun.

Zinema dokumentalean aditu diren hiru profesionalen esku egon da lanak epaitu eta saritzearen erabakia: Pere Albero, Bartzelonako Zine eskolatik; Lur Olaizola, Donostiako Tabakaleraren zinema programatzailea; eta Jorge Tur, UABeko Sorkuntza dokumentalaren teoria eta praktikaren masterreko koordinatzailea. Maider Oleaga zinemagilearen Muga deitzen da Pausoa saritu dute, Elbira Zipitria andereñoaren istoriotik abiatutakoa.

Euskal zinemak zabaldutako leihoa

Sei film luzek osatu dute aurtengo Sail Ofiziala. Horien artea, bi fikziozkoak izan dira: Telmo Esnalen Dantza eta Koldo Almandozen Oreina. Jaialdia zabalduko duten lanak izan dira, eta ez dira gainerako besteekin lehiatu. Izan ere, dokumentalak izan dira soilik Azkue Fundazioak babestutako sari nagusia eskuratu ahal izan dutenak: Oier Aranzabalen Margolaria, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa,  Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen eta Marina Lameiroren Young & Beautiful.

Azken urteetan irabazi duten garrantziaren isla, film laburrek ere tokia izan dute jaialdiko antolatzaileek mimoz atondu duten programazioan. Hala, Euskadiko Filmategiak osatzen duen Kimuak katalogoko aleak izan dira ikusgai jaialdiaren azken egunean. Orotara, zazpi sorkuntza lan izan dira: 592 metroz goiti (Maddi Barber), Ama (Josu Martinez), Espedizio Handia (Iban del Campo), Ancora Lucciole (Maria Elorza), Kafenio Kastello (Miguel Ángel Jiménez), No me despertéis (Sara Fantova) eta Zain (Pello Gutiérrez).