Laugarren edizioa izango denerako deialdi irekia egin du Zinetikak, dantza eta ikus-entzunezkoa uztartzen dituen jaialdiak. Udazkenean ospatuko dute, Iruñean, Donostian eta Bilbon, baina maiatzaren 30era arte luzatuko da soilik inskripzio epea.

Dantzaren eta ikus-entzunezko arteen, gorputzaren eta kameraren arteko erlazio askotarikoak esploratzeko topaketa bat da ZINETIKA, arte esperientzia berriak bilatzearen helburutik sortutakoa.  Hala, ikuspuntu zinematografikotik aurkezten du mugimendua, eta horrek eskaintzen dituen aukera desberdinetan jartzen du fokua.

2016ko udazkenean ospatu zuten lehen edizioa, Iruñean. Donostia batu zitzaion ondoren, 2017an, eta Bizkaiko hiriburua egitasmora batzea izan zen hirugarren edizioaren berrikuntza nagusia. Hala, kultur senidetza sinatu dute hiru lurraldeek, eta indartu egin dituzte arlo horretako harremanak.

Azaroa inguruan egingo dute ekitaldia, eta jaialdia ospatuko den hiru hiriburuetan proiektatuko dira aukeratutako filmak. Edozein nazionalitateko egileak galdegin dituzte deialdira, 2016-2019an ekoitziriko obra bat edo gehiagorekin. Dantza edo, oro har, mugimendurako ikus-entzunezko sormen lanak behar dute izan, gehienezko 15 minutuko iraupena dutenak. Halaber, antolatzaileek gogorarazi dute kanpo utziko dituztela dantza ikuskizun bat era soilean erregistratzen duten dokumentuak. Interesatuek, maiatzaren 31ra arte izango dute aukera haien proposamenak bidaltzeko.

Ikusi parte hartze oinarriak eta izen-emate inprimakia, hemen.