TAN CERCA 2019: Ikus-entzunezkoen sektorea etorkizuneko erronken aurrean jardunaldi profesionala egingo dute Bilbon martxoaren 28an, FANT Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren  25. urteurrena ospatzeko egingo duten ekitaldi osagarri sortaren adibide gisa. Ikus-entzunezkoaren eragileak deitu dituzte parte hartzera.

Jardunaldiari izenburua ematen dion TAN CERCA, Gijongo, Santanderreko eta Bilboko udalen arteko akordioa da, lan sareak indartu eta horien arteko hurbilketa bultzatzeko. Epe ertainera aurreikusi dituzten ekimen multzoaren lehena izango da topaketa, eta FANT jaialdiaren efemeridea aitzakia gisa hartuta, ikus-entzunezkoen sektoreko subjektuak galdegin dituzte.

Martxoaren 28an egingo dute jardunaldia, BilbaoArte fundazioan, goizeko 10:00etatik aurrera. TAN CERCA 2019: Ikus-entzunezkoen sektorea etorkizuneko erronken aurrean izenburupean, industriako, filmoteketako, jaialdietako eta film commission desberdinetako ordezkariak bilduko dituzte, sektoreak aurrean dituen mehatxu zein erronken inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko. Hurrengoak izango dira, besteak beste, foroko gonbidatu berezietako batzuk: Alejandro Díaz Castaño FICXixón-eko zuzendaria, Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendaria, Víctor Lamadrid Cantabria Film Commission-eko koordinatzailea eta Agustín Atxa Bizkaia Film Commission-ekoa.

Hainbat mahai-inguru egingo dituzte, eta horrez gain, eragileek euren proiektu propioak aurkezteko tartea izango da ere. Hala, jaialdi, enpresa, elkarte edo proiektu pertsonalak aurkeztu nahi dituzten profesionalak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Informazio gehiago eta izen-ematea, hemen.