Iragan abenduaren 21ean Estatu espainiarreko 24 zinema aretoetan estreinatu zuten Telmo Esnalen Dantza filma. Hamaika aste igaro ditu karteldegian, eta, orotara, 42.000 ikusle erakarri ditu pantaila handiaren argipera. DVD euskarrian jarri dute salgai asteartetik.
Hogeita lau areto baino gehiago izan dira guztira, 69 inguru pantaila handi. Filmaren berezitasuna kontuan izanik, zenbaki ikusgarritzat jo ditu Telmo Esnal zuzendariak lanak jaso duen harrerari dagozkionak. Proportzioan, Donostiako emanaldiek bildu dituzte ikusle gehien eta, aurreikusi daitekeen modura, Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuak daude atzetik. Geure mugez harago zabaldu da filma ikusteko aukera, eta Espainiako beste zenbait tokitan proiektatu dute ere.
Hain zuzen, Bartzelonan izango dira egunotan, Cinema Maldà aretoan lehenbizi, eta Zinemaldia.cat jaialdiaren egitarauan gero. Euskal Herrira itzuliko dira ostean, eta hainbat herritan egingo dituzte aurkezpenak (Getaria, Legorreta, Lasarte, Aramaio, Gatzaga…). Nazioartera zabaltzeko ahaleginetan ari dira orain, eta maiatzean AEBetako Euskal Etxeetan zehar egingo duten bira baten berri eman dute.
Datu oso positiboak diren arren, plataforma berrien ustiapena landu du lan taldeak. Hala, DVD euskarrian jaurtitzeaz gain, Filmin, Rakuten, Vodafone eta Movistar plataformen bidez izango da ikusgai filma. Bitxikeria modura, halaber, Renferen ibilbide luzeko trenetan ikusiko da ere apirila eta maiatza bitartean.
Hauek dira uneotan aurreikusten dituzten emanaldiak:
- Martxoak 14 – Bartzelona (Girona Zinema) Zinemaldia CAT programazioaren barruan
- Martxoak 17 – Getaria
- Martxoak 24 – Legorreta
- Martxoak 25 – Errenteria (Niessen)
- Martxoak 29 – Lasarte
- Martxoak 31 – Nantesko Zinema Espainiarraren Jaialdia
- Apirilak 5 – Aramaio
- Apirilak 6 – Gatzaga
- Maiatzak 1 – Ontario – OREGON
- Maiatzak 2 – Boise – IDAHO
- Maiatzak 3 – San Francisco – CALIFORNIA
- Maiatzak 5 – Chino L.A. – CALIFORNIA
- Maiatzak 9 – Reno – NEVADA
- Maiatzak 11 – Brooklyn – NEW YORK
- Maiatzak 23 – Hondarribia Dantzan Festibala
- Ekainak 6 – Pasai Antxo – Pasaiko Dantza Festibala
- Ekainak 14 – Alegia