‘Pirata Arratoia eta hazteko beste hainbat abentura’ estreinatuko dute, euskaraz

Pirata Arratoia eta hazteko beste hainbat abentura filmaren euskarazko estreinaldiarekin emango dio jarraipena Zineuskadik 2019ko Zinema Euskaraz programaren uztari. Ostiraletik, martxoaren 15etik, aurrera egongo da filma ikusgai EAEn eta Nafarroako zinema areto nagusietan.

Hilabeteren ostean, zinema-aretoen karteldegira itzuliko da Zinema Euskaraz programa. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bidez, eta EZAE aretoen sarearekin zein Hiru 3 Umeak katearekin elkarlanean, bultzatzen duen egitasmoa da, eta tresna estrategikoa euskararen erabilera bultzatzeko.

Iragarri berri duten Pirata Arratoia eta hazteko beste hainbat abentura izango da hurrengoa, eta datozen hilabeteetan ere familia osoari zuzendutako zinema generoa euskalduntzen jarraitzeko apustua sendotzeko asmoa erakutsi dute arduradunek. Ostiralean estreinatuko den filmak, kasu, bidelapur gozozale baten istorioa ekarriko du Hego Euskal Herriko zinema-areto nagusietara. Zaldi gainean dabilela, Arratoi Piratak janaria lapurtzen die bidean topatzen dituen bidaiariei. Egun batean, ordea, bera baino azkarragoa den norbaitekin gurutzatuko da, eta horrek bere jokabidea aldatzera behartuko du.

Apirilean helduko dira hurrengoak, Alfonbra Magikoa eta Terra Willy, eta hilaren 5ean eta 26an estreinatuko dituzte hurrenez hurren. Adiskidetasuna edo ametsen aldeko borroka erakutsiko dituzte, haurrekin lantzeko baliagarri izan daitezken beste hainbat baloreekin batera.