Zuzendaria: Koldo Serra
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia.

Arrats txakurra Bilbon, bertako zaporez

Lapurretak beti izan dira erakargarri zinean, eta banketxe, bitxi-denda edo dirua atera daitekeen beste edozein lekutan gaizkile talde bat lapurtzen ikusteak erakargarritasun berezia sortzen du. Askotan lapurretak arrakasta izatea edo ez gutxienekoa izaten da filman eta gozagarrien iruditzen zaiguna sortzen diren tentsio egoerak izaten dira, batez ere pertsonaiek sinsegarritasunez jokatzen badute. Arketipoez baliatzen dira zuzendariak hauek aurkezteko garaian, baina onena ustekabeak izaten dira, eta orduan ezustekoa gidoilari gisa agertzen da, joko zinematografikoa etengabe ematen.

Koldo Serra bilbotarraren hirugarren film luzeak lapurreta bat du atzean ere, baina zuzendariak behin eta berriz errepikatu duen legez, ez da lapurreta film bat, lapurreta bat duen film bat baizik. 70 binladens egiteko erreferentziak aipatutako azpigeneroan aurkitu ditzakegu, eta Serrak berak ere onartu ditu. Besteak beste Dog Day Afternoon (Sidney Lumet, 1975) eta La estanquera de Vallecas (Eloy de la Iglesia, 1987) sumatu ditzakegu Serraren lanean, baina baita ere 70eko akziodun thriller amerikarren estetika. The Backwoods eta Gernika filmen zuzendariari asko gustatzen zaio generoa, eta hori nabaria da 70 binladensen ere.

Serrarentzat erronka izan da kokapen bakarrean lapurreta baten istorioa kontatzea eta, nolabait, ordu eta erdiko akzioa bertan jazotzeak giroa etengabe loditzen du (pixkanakako bero itogarria osagai bikaina izaten da horrelako beste filmetan ere guztia tentsiopean jartzeko). Santutxu auzoan kokatutako Haro plaza izan da lapurretarako hautatutako eszenatokia, eta, egia esan, aukera bikaina izan da, plaza bera zerratutako lekua delako eta ihes egiteko aukera gutxi eskaintzen dituelako.

Bestalde, 70 binladens aktoreen filma bat da. Arestian aipatu bezala, pertsonaiak izaten dira lapurreta baten oinarritutako filmen gakoa, eta hemen guztiek dituzte bere une gogoangarriak: Kanpoan dauden ertzainen gorabeherak eta liskarrak (Kandido Urangak, Barbara Goenagak eta Daniel Pérez Pradak antzeztutakoak), eta, batez ere, sukurtsal barnean dauden bahitutakoen interes desberdinak (Fernando Albizuk edo Ione Irazabalek antzeztutako banketxeko zuzendaria eta idazkaria adibidez). Hala ere, hiru dira benetako protagonista nabarmenak, Nathalie Pozak eta Hugo Silvak antzeztutako lapurrak, eta 35.000 eurotako (70 binladen) kreditua lortzear zen emakumea, Emma Suárezek maisuki antzezten duena. Bi emakumeek benetako paper gogoangarriak sortu dituzte, eta ikuslearen oroitzapenean geratuko dira denbora askorako. Batak lapurrarenaren ankerkeria hauskortasun apur batekin eraiki duelako eta bestetik, Suárezen pertsonaia adimen makiavelikoarekin eginda dagoelako.

Askotan ez dugu jakingo zein den gaiztoa filmean. Serraren nahia anbiguotasunarekin jokatzea izan da, eta nolabait lortu duela dirudi. Gizarte anker honetan inor ez da errugabea, ez eta guztiz zitala ere. Nietzschek zioen bezala, gizatarrak gara, gizatarregiak, akaso.

Eta, bukatzeko, ohikoa den bezala, azken gomendio bat filmean: musika. Koldo Serraren laguntzaile izan ohi den Fernando Velázquezek sortu duen soinu banda 70 binladens bezalako film baterako egokiena dela esango nuke, 70eko soinu banda funky eta jazzyak gurera ekarri baititu, Lalo Schifrin, David Shire edo Isaac Hayesen musikak 2019ra hurbilduz. “Garay y Domínguez”, “Ya era hora”, “Recuerda, sigue aquí” edo “Cinco minutos” bezalako konposizioek garai eta estilo argi batera eramaten gaituzte. Hitz bitan, zapore nahasiek eta gozoek gomendagarri egiten dute 70 binladens. Gozatu.