Mihisetik pantaila handira jauzi

Datorren ostiralean, martxoaren 22an, estreinatuko da Oier Aranzabal zarauztarraren Margolaria ‘opera prima’. Filmaren estreinaldi komertziala izango da, baina hori baino lehenago, aurrestreinaldi emanaldi bat egingo dute gaur, 19:30ean, Bilboko BBK Salan.Artea, kultura… hein batean sorkuntza izango du ardatz filmak. Sorkuntza-prozesua bera, eta bertan parte hartzen duen profesional taldearen bizipenak. Mikel Urdangarin musikaria da protagonista, baina abeslari zornotzarra bidea besterik ez da edozein sortzailek buruan dituen gai unibertsalak jorratzeko: sortzetik bizitzearen erabakia, bokazioa, sorkuntzaren prozesua, porrota, bakardadea edo ospea.

Zuri-beltzaren aldeko hautua egin dute filma errodatzerako unean, apustu estetikoa. Alain Urrutia margolariari egindako keinua da erabaki hori. Dokumentaleko protagonista nagusietako bat da Urrutia, kontakizunak Mikelek egiten dion bisita bat jasotzen duelako: “Grisen eskalan, zuritik beltzerako eskala horretan, margotzen du dena Alainek, eta iruditu zitzaigun horrekin batera joan behar zuela dokumentalak ere”, azaldu zigun Aranzabalek orain hilabete batzuk egindako elkarrizketan.

Zuzendari ez ezik, proiektuaren gidoigile taldeko kide ere bada, eta azken bi urteak eman ditu Urdangarin bere egunerokotasunean grabatzen (bidaiak, kontzertuak, entseguak…). Lan horren fruitua da Margolaria. Zuzendariaren esanetan, pelikula “ez da Mikel Urdangarinen azken diskoaren makin of bat. Ez da hainbat elkarrizketarekin apaindutako protagonista omentzeko bideoklipen zerrenda bat. Mikel Urdangarinen dokumentala ere ez da. Margolaria,  familiaren eta lagunen babesik gabe, musikatik bizitzeko bere lanpostu finkoa utzi duen pertsona baten istorioa da”.

Horregatik, istorioaren orokortasunagatik, beste sortzaile batzuk ikusiko ditugu ere filmean: Alain Urrutia margolaria, Nika Bitchiashvili biolinista georgiarra, Kirmen Uribe Idazlea, Elizabeth Macklin ‘The New Yorker’ aldizkariko editorea…

Maluta Films dago proiektuaren atzean. 2008an sortu zen ekoiztetxe donostiarra. Filmak, gainera,  ICAA, Eusko Jaurlaritza, EiTB, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia erakundeen laguntza jaso du, eta  Atera Films  da banatzailea.

Estreinaldi komertziala bitarteko emanaldiak

Donostia Zinemaldiko 65.edizioan, Zinemira Sailean, aurkeztu zuten filma, eta areto komertzialetan ikusi ahal izango da martxoaren 22tik aurrera. Hori baino lehen, motorrak berotzen hasteko hainbat emanaldi programatu dituzte datozen egunetan: Bilbon eta Bartzelonan, hain zuzen.

Bilboko BBK Salak jasoko du gaur lehena, aurrestreinaldi ekitaldi gisara aurkeztutakoa. 12:30ean egingo dute aurkezpen ofiziala, eta prentsaurrekoa eskainiko dute zuzendaria zein protagonistaren parte hartzearekin. Ondoren, iluntzean, programatu dute filmaren emanaldia. 19:30ean hasiko da saioa, eta proiekzioa ez ezik, artista eta zuzendariaren arteko solasaldi musikatua hartuko ditu saioak. Ondorengo estekan eskuratu ditzakezue sarrerak: http://www.salabbk.es/eu/margolaria/

Ostiralean, aldiz, Bartzelonako Euskal Etxeak atonduriko ZINEMALDIA.CAT jaialdian proiektatuko dute filma. Euskal zinemak Katalunian zabalduko duen erakusleihoa izango da zinemaldia  beste urte batez, eta berriki estreinatu diren edota oraindik ikusi gabeak diren puntako euskal lanen lagin erakargarria erakutsiko dute martxoaren 14tik 17ra bitartean. Martxoaren 15ean proiektatuko dute Margolaria, 22:00etan, Cinemes Girona aretoan, eta zuzendaria izango da bertan proiektua aurkezteko.