J.A Bayonak jasoko du 2019ko Fantastikoaren Izarra saria

Inoiz baino bereziagoa izango da 2019ko FANT – Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdia. ‘Ezusteko asko’ eta ekitaldi berezi andana iragarri dituzte antolatzaileek zilarrezko ezteiak ospatuko dituen jaialdiaren edizio berrirako, gutxika, ekitaldia hurbildu ahala, aletzen ari direnak. Berriki jakin dugu, esaterako, J.A. Bayona zuzendariari emango diotela Fantastikoaren Izarra ohorezko saria.

Maiatzaren 4an abiatuko da Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. edizioa eta, dataren gertutasuna medio, lehen xehetasunak zabaltzen hasi dira. Hala, ezagutu dugu fantasiaren generoaren barruan Juan Antonio Bayona zuzendariak egindako ibilbide ‘emankor eta meteorikoa’ nabarmenduko duela aurten ekitaldia. Zinegileak jaialdiaren amaieran jasoko du Fantastikoaren Izarra sari nagusia; maiatzaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Guggenheim museoan.

FANTek Joe Dante zinegile estatubatuarrari eman zion iaz saria, eta bere maisutasuna eta arrakastaz betetako ibilbidea aintzat hartuta, Bayonak hartuko dio lekukoa aurten. Izan ere, berak dira Mis Vacaciones (1999) eta El hombre esponja (2002) film laburrak, edota kultuko lana bilakatu zen El Orfanato (2004). Bayonak Zuzendari Berri Onenaren Goya saria jaso zuzen lan horrengatik.

Arrakasta besterik ez du izan ordutik. 2010ean Lo imposible errodatu zuen; 2012an Espainiako Kultura Ministerioak banatzen duen Zinematografia Sari Nazionala jaso zuen; eta 2016an Un monstruo viene a verme txalotua zuzendu zuen. Azkenik, 2018ean, Jurassic World: Fallen Kingdom estreinatu zuen zuzendari gisa, Jurassic World sagaren bigarren alea eta Jurassic Park –en bosgarrena.

Klausura ekitaldi berezia

Mimoz atonduriko ekitaldia izango da jaialdia itxiko duena. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saria jasotzeaz gain, DJ saioa eskainiko du Bayonak anaia bikiarekin batera. Aurreko urteetan ez bezala, Guggenheim museoak jasoko du aurten zinemaldi fantastikoaren agurra.