Sorpresa eta film bikain ugari deskubritu ditugu azken urteotan Euskal zinemagintzaren itsaso txikian: Loreak, Amama, Handia, Oreina, Aupa Etxebeste, 80 egunean, Bertsolari, Urte berri on amona, Sipo Phantasma, Irrintziaren Oihartzunak eta abar. Baina, ez al duzue hutsune bat somatzen zerrenda horretan? Zer falta da? Bada genero bat, euskal zinema nazio mailan puntakoa eta nazioartean lehiakorra gertatzen dena eta oso gutxitan aipatzen dena: animaziozko euskal filmak.

Orain urte batzuk batzuk, webgune honetan bertan, Maialen Goñi-k Somuga ekoizpen etxeko zuzendariari eginiko elkarrizketa batean, halaxe zioen Juanjo Elordik:  “Gaur egun, estudioek ezin diote proiektu propioen bidez talde handi bati eutsi, eta horregatik, animazioa freelancen mundua da gurean” . Tamainaz txikia izanik ere, euskal animazioaren alorra Iparramerikar edo Asiaren pareko sorkuntza eta kalitate teknologiko maila lortzen ari da azken urteotan; desberdintasun nagusia? Lehia ez dela batere orekatua. Alabaina, gure ekoizpenek, mundu osoko pantailetan erakutsiak izateko, ez dute enpresa banatzaile indartsuen babesik, ezta behar adinako laguntzarik ere, administrazioen aldetik.

Hauek, nire ustez- filmaren kalitateaz harago- Euskal animazioaren alorrean mugarri izan diren izenburuak:

.

Another Day of Life (2018, Raúl de la Fuente, Damian Nenow)

Iazko uztak utzitako harribitxietako bat, zalantzarik gabe. Rotoskopiaren teknika erabiliz, Ryszard Kapu?ci?ski kazetari poloniarraren pasarte bat azalduko digu film bikain honek. Angolako independentzia eta ondorengo gerra ditu ardatz, eta Portugalen menpe egondako azken egunak kontatzen ditu.

Kalabaza tripontzia (1985, Juan Bautista Berasategi)

Euskal animazioaren lehenengo film luzearen estreinaldia 1985 urtean iritsi zen, Kalabaza Tripontzia (1985) ekoizpen mitikoarekin. Hezur-haragizkoa den (eta hitz egiten dakien) satelite harrigarri batek espazioa zeharkatzen du.; akelarrera joan nahi eta bidez nahastu zen gizona omen da. Berak erakutsiko digu Kalabaza Tripontziaren mundua. Mundu magiko honetan animaliak, Kukubiltxo, Tartalo eta Galtzagorri bezalako pertsonaiak bizi dira.

Film honek 25 urte bete zituenean, Argiako Mikel Garcia-k bere blogean idatzitako lerro hauek, ezin hobeto laburbiltzen dute ekoizpen honek gure belaunaldian utzitako arrastoa: “Dagoeneko 25 urte igaro dira, eta hala ere Kalabaza tripontziak nolabaiteko freskotasuna mantendu du. Ironia finak harilkatutako istorio bilduma osatu zuten langile prestuek –izugarrizko ahalegina izan zen garairako ordu eta erdiko animazio filma osatzea–, eta horri esker ikus ditzakegu pantailan Kukubiltxo txikiaren bihurrikeriak, Patxik Galtzagorrirekin dituen solasaldi kuriosoak, artzain maltzurraren azpijokoak… Nabarmentzekoa da baita ere euskarari ematen zaion tratamendu landu eta txukuna –kontuan hartzekoa da Koldo Izagirre aritu zela gidoilari–…”Egungo haurrek ez dakit, baina ziur naiz belaunaldi batzuk atzeragokook gustura ikusiko genituzkeela bere garaian liluratu gintuzten pertsonaien abentura berriak, begietan eta buruan iltzatuta geratu zaizkigun fotogramak. Eta bestela, pelikula originalera jo dezakete haurtzaroaren nostalgikoek.

Ipar haizearen erronka (1992, Maite Ruiz de Austri, Carlos Varela, Juan Bautista Berasategi)

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten film honek, bi ume euskaldun baleontzi batean Kanadako kostarantz abiatzen direneko abenturak kontatzen ditu, indioen eta euskaldunen arteko adiskidetasuna berritzeko. Polemika apur bat egon zen film honen inguruan, izan ere, Juan Bautista Berasategik 1991n Balearenak izeneko filma hasi zuen baina ezin izan zuen amaitu. Urte bete beranduago,  EPISA ekoiztetxeak Carlos Varela eta Maite Ruiz de Austri zuzendariei bukatzea eskatu zien. Berasategik salaketa jarri, eta zuzendari moduan agertzea lortu zuen.

Megasonikoak (1997, Javier Gonzalez de la Fuente, Jose Martínez Montero)

Filmaren kalitateaz harago -gaurkoan ez naiz horretan sartuko-, Durangoko Baleuko ekoizpen etxeko Megasonikoak film luzearen izaera berritzailea azpimarratu beharra dago, ordenagailu bidezko hiru dimentsiotako animazio marrazkien bidez Europan eginiko lehenengo filma izan baitzen. Teknologia digitalean, softwarea arkatzaren ordezkoa da, eta pantaila paperarena, animazioaren estetikara nahiz hiru dimentsiotan paratutako zinema-ekoizpenera iraultza ekarriz. 1997 urtean gainera, Animaziozko film onenaren Goya saria irabazi zuen.

Karramarro Uhartea (2000, Txabi Basterretxea, Jose Angel Muñoz)

Hamabost urte soiletan, euskal animazio-zinema ia ezerezetik Estatuan eta Estatutik kanpo hainbat sari irabaztera heldu zen. Gailurra 2000ko Goya sarietan kokatu daiteke, animaziozko film onenaren sailean,  lau izendatuetatik hiru, Euskal Herriko enpresen edo teknikarien sorkuntza-lanetatik irten baitziren; horien artean José Angel Muñoz eta Txabi Basterretxearen Karramarro Uhartea izan zen garaile.

Gartxot (2011, Asisko Urmeneta, Juanjo Elordi)

‘Gartxot’ 2011ko azaroan estreinatu zen. Itzaltzun, Nafarroan, kokatutako Erdi Aroko kondaira da Gartxotena. Arturo Kanpionek 1917an idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburuan oinarriturik, Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik animaziozko film batean kontatu zuten istorioa. Euskal Herrian XIII. mendearen hasieran zegoen egoera abestuta kontatzen du Gartxot bardoak. Mikelot izeneko semea du, ahots ezin ederragoko mutikoa. Orreagako fraideek gaztearen ahots liluragarriaren berri izango dute, eta euren abade-etxera eramango dute, umearen eta aitaren nahien aurka. Musikaren arloa da ere nabarmentzekoa,  Benito Lertxundi Oriotarrak bere doinuak txertatu baitzituen kontakizun honetan.

Psiconautas (2015, Pedro Rivero, Alberto Vazquez)

Baliabide nahiko berritzaileak erabiltzen dituen lan bikain honek, nazioarteko jaialdietan 40tik gora sari eskuratu zituen. Horien artean,  Goya sariaren irabazlea izan zen eta European Film Awards sarietan animaziozko film onenaren izendapena lortu zuen. Psiconautas-ek Birdboy eta Dinki-ren istorioa kontatzen du, hondamendi ekologiko batek jotako uharte batetik ihes egitea deliberatu duten bi neraberena. Bridboy-k erabat isolatua bizi nahi du; eta Dinkik berriz, bidaia arriskutsu bat hastearekin amesten du, Birdboy-k lagunduko dion itxaropenez.