Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, IBAIA – Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Etxepare Euskal Institutuak sinatutako akordioari esker, kalitatezko dokumentalak garatzeko aholkularitza jardunaldietan parte hartuko dute aurrez hautatutako bost proiektuk. Gaur, martxoaren 11n, 12an eta 13an egingo dituzte saioak, Tabakaleran.

Argazkia: ©TheClimateRealityProject

Kalitatezko dokumentalen proiektuak garatzeko bidea erraztea eta, bide batez, proiektu horiei bazkideak, finantzaketa edo nazioartekotzea bilatzeko prozesuan laguntzea da elkarlanaren xede nagusia, baina bestelako ere onurak ekarriko ditu. Esate baterako, euskal enpresek nazioarteko merkatu eta foruetan duten presentzia indartzea espero dute, besteak beste ekainaren 24tik 27ra egingo den Sunny Side of Doc azokan edota Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan.

Martxoaren 11n, 12an eta 13an egingo dituzte jardunaldiak, Catherine Ulmerren zuzendaritzapean (dokumentalgintzan eta tailerren prestaketan esperientzia luzea duen profesionala da). Banan-banako aholkularitza izango da hasieran, eta bi ordu eskainiko dizkiote hautatutako proiektu bakoitzari; azken jardunaldian, berriz, Sunny Side of the Doc azokaren formazio arduraduna den Jean Jaques Peretti eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroko ordezkari bat bertaratuko dira, beren ekitaldiak aurkeztu eta horietan parte hartzeko baldintzen berri emateko.

IBAIAk, Europa Creativak eta Etxeparek sinatutako aliantza itunari esker, aurrez zabaldutako deialdi batera aurkeztutako 8 ekoizlek izango dute laguntza hori jasotzeko aukera:

  • Amores Trashumantes – Iban Ayesta Aldanondo
  • Itoiz – DOXA Producciones S.L
  • Gure Erroen Bila (Amaitu Gabeko Lanaren izena) – Leire Egaña
  • Agotes, La Estirpe Maldita – Culturscope S.L
  • Bolante Baten Historia – Iban Toledo Ibañez
  • Vidas Menores – Fascina Producciones
  • Koska – 11 ikusteko
  • Niño de Elche – Señor y Señora S.L