Nazioarteko muga gainditu du Koldo Almandozen Oreina filmak. Urtarrilean Ipar Euskal Herrian estreinatu ostean, Norvegia eta Kolonbiako zinema jaialdietan parte hartu du berriki, eta beste hainbeste herrialde bisitatuko ditu ere datozen asteetan.

Etxeko estreinaldi eta aurkezpen hitzordu guztiak beteta, nazioarteko jaialdien ibilbideari ekin dio Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak. Norvegiako Trondheim hiriko Kosmorama Trondhein Nazioarteko Zinemaldian hartu du parte iragan astean, eta Cartagena de Indiasko (Kolonbia) Nazioarteko Jaialdiko Migracion y Mestizaje sailean aurkeztu dute asteburuan.

Itsasoz bestaldetik itzuli, eta martxoaren 13tik 27ra Lyon-Villeurbanne herrian ospatzen den 35. Festival Reflets Cinéma Ibérique & Latino Americane jaialdian izango da orain ikusgai. Lyongoa ez da, ostera, Frantzian egingo duen geldialdi bakarra: Nantesko Zinema Espainiarraren Jaialdiko lehiaketan parte hartzeko hautatu dute filma, martxoaren 28tik apirilaren 7ra bitarte ospatuko den 23. edizioan.

Azkenik, Latinoamerikara itzuliko da zuzendaria apirilean. Hilabetearen 17a eta 27a bitartean ospatuko da Uruguayko Nazioarteko Zinemaldiaren 37.edizioa, eta bertan izango da Almandoz filma aurkezten.

Txintxua Films ekoiztetxearen proiektu bat

Txintxua ekoiztetxeak babestutako proiektua da ‘Oreina’, Koldo Almandoz zuzendariaren lehen fikziozko film luzea. Iazko urte amaieran errodatu zuten, euskaraz, Gipuzkoako zenbait herrietan, eta toki periferiko horietako biztanleak izango dira pelikularen ardatza. Hala, hiri-bizitza, industria giroa eta natura gurutzatuko ditu donostiarraren lehen fikziozko filmak: urteetan elkarri hitzik egin ez dioten bi anaia; paduran zehar, noraezean dabilen mutil gazte bat; bere lana modu zuzen eta arduratsuan egiten tematua dagoen basozaina; edota eremu berrietara hegan egiteko desira duen neska gaztea.

ETBren, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ICAA Espainiako Zinematografiako eta ICAA – Espainiako Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren babesarekin errodatutako proiektua da, eta Euskal Zinemagintzaren Irizar saria eskuratu zuen iragan Donostia Zinemaldian.