Dinamikoagoa, erakargarriagoa… Hemen da Ganbara berritua!

Euskaraz ikusgai dauden filmen gordailua da Ganbara, 2016ko udazkenean aurkeztu genuen eta Zinea proiektuaren azpiatala ere baden datu-basea, eta gaur bertan, martxoaren 11n, azal eta bilatzaile berriak estreinatu ditu. Nabarmendutako edukiak, bitxikeriak eta fitxa berrienak erakutsiko ditu lehen orrian, eta bilaketa zehatzagoak egin ahal izango dira.

Euskal ikus-entzunezko industriaren datu-baserik handiena da Ganbara. Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako film labur eta luzeak, fikzio, animazio eta dokumentalak, biltzen ditu, eta orotariko datuak jartzen ditu erabiltzaileen eskura: filmen fitxa tekniko eta artistikoak, trailerrak, fotogramak, albisteak, kritikak… eta baita zenbait gidoi ere!

Atariak, ordea, hastapeneko funtzio hori gainditu du eta sektorean diharduten profesional eta enpresen direktorioa izatera igaro da. Sare egituraren bidez, fitxa batetik bestera nabigatzeko aukera dago, baita informazioa nahieran bilatu eta erkatzekoa ere, interes pertsonala asetzeko ala jardun profesional eta akademikoari lotutako zalantzei erantzuteko.

DOAKOA, INTUITIBOA ETA ERABILERRAZA DA → WWW.GANBARA.EUS

.

Berrikuntzak

Azal berria da aldaketaren lehen adierazgarria. Diseinu eguneratuaren bidez, astero hainbat eduki nabarmenduko ditugu, dela gaurkotasunagatik, dela duten nolakotasun bereziagatik. Eta orrialdearen lehen planoan izango dira ikusgai, irudi batez lagunduta. Hala, xehetasun gehiago nahi dituenak, fitxaren gainean klik egin besterik ez du izango.

Horrez gain, kargatutako film berrienen kartelak erakutsiko dituen karrusela jarri dugu, eta azpian, euskal zinemarekin lotutako albisteak gehitu ditugu, euskal medioetatik ekarritakoak; ZINEA atariko edukiak, baina baita hedabide orokorrek pantaila handiari eskainitako orrialde eta minutuetatik harrapatutakoak ere. Eta eskuineko zutabeak gure industriaren bitxikeriak bistaratzeko balioko digu, bi formatutan: batetik, zerrenda moduan, eta bestetik, galderak formulatuta. Harrituko zaituzten datuak topatuko dituzu, ez izan zalantzarik!

Egokitzapen hauen guztien helburua datu-baseari dinamismoa eta xarma ematea da, eta hartzaileei atarian topa ditzaketen datuen aniztasuna eta erabilgarritasuna zenbaterainokoa den erakustea. Edukiak maiz berrituko ditugu (lehen etapa honetan, astean behin), eta haiekin jolasean ariko gara hamaika modutan.

Bilatzaile aurreratua

Era berean, atariak bigarren berrikuntza garrantzitsu bat izango du: bilatzaile aurreratua. Erabiltzaileen portaeratik abiatuta, eta atariaren izaera kontuan hartuz, aspaldi ikusi genuen bilaketak zorrotzago eta errazago egiteko aukera eskainiko zuen gailu baten beharra, eta aurrerantzean, eremu orokorraz gain, edukiak kategoriaren, generoaren, langintzaren, dataren, iraupenaren zein jardun motaren arabera bilatu ahal izango dira. Filtro horiek, gainera, erakutsitako emaitzak murriztuko dituzte.

Azkenik, sektoreko profesionalek beren filmografia pertsonalak zein enpresak egindako lanak helarazteko tresna eguneratu dugu. Harremanetarako datuen ataletik atera, eta menu nagusian txoko bat jarri dugu bidalketak egiteko. Hala, emailez ez ezik, gune berri honetatik ere nork bere ekarpena egin ahal izango dio datu-baseari. Eta jakizue, bidaltzen diguzuen oro ongietorria izango dela!

Honenbestez, zer iruditzen zaizue atari berria? Berrikuntzak interesgarriak iruditu zaizkizue? Zuen iritziak jakin nahi ditugu, utzi iruzkin bat azpian!